Berako Aralarrek Josu Iratzoki alkatearen azkeneko oharraren aitzinean zenbait kontu argitu nahi izan ditu.
Honela, Aralarren erranetan, «gezurra da ANVk bere ilegalizazioaz aurkeztutako mozioa azken ez-ohiko batzarrean eztabaidatu ez zenik. Eztabaidatu ez ezik, bozkatu ere egin zen». Gainerako taldeek eta idazkariak berak ohartarazi zioten alkateari, mozio bat aurkezten denean gainerako taldeek zilegitasun eta eskubide osoa dutela zuzenketak aurkezteko, eta berez, zuzenketa hori bozkatu behar dela lehenbizi. Zuzenketa onartzen bada, jatorrizko mozioa erori egiten da. Aralarren ustez, hori da logikak agintzen duena, eta instituzio guztietan egiten dena, Berako Udalean izan ezik.
Berako alkateak, beti ere Aralarren idatziaren arabera, “bere interpretazioa ezarri zuen osoko bilkuran, eta lehenik eurek aurkeztutako mozioa bozkatu zen, eta ondotik bozkatu zen zuzenketa”. Oposizioa osatzen duten EA, Aralar eta PNVren zuzenketa bertze mozio batean bihurtu zuen, talde hauen borondatearen eta iritziaren kontra. Aralarrek idatzian ageri duenez, “berak ongi dioen bezala, gutiengo babesarekin agintzen ari da alkatea. Abilezia gehiago behar luke gainerakoekin akordioetara iristeko, eta babesa bilatzeko”.
Alderdien legearen eta ilegalizazioaren kontra
Aralarren arabera, Josu Irazokik zein bere taldekideek, badakite alderdi honek irmo salatzen dituela alderdien legea eta ilegalizazioak. “Memoria guti erakusten dute aitzineko legegintzaldian euren presentzia ziurtatzeko etengabe bideak jarri baitzituen”.
Aralarrek behin eta berriz erran omen dio Berako alkateari eduki politikoko gaietan beraien zuzenketa aurkeztuko dutela, “betiko moduan osoko bilkura bereziak gainerako zinegotziak kontuan hartu gabe deitzen baditu, eta ez badu inolako saiakerarik egiten testuak adosteko”. Aralarren ustez, horrek ageri-agerian uzten du negoziaziorako eta adostasunerako ez duela inolako borondaterik, ez alkateak, ez bere taldeak ere.
Orsaren Alkaiagako lantegi proiektuari ahalik eta alegazio gehien
Orsaren gaiarekin Josu Iratzokik Aralarri egiten dion kritikaren harira, zera dio udal talde honek: abuztuan Lesakako Udaletxean auzotarrekin bi udaletako ordezkariek egindako bileran ahobatez erabaki zela udalek ez ezik, ahalik eta alegazio gehien aurkezteko saiakera egin behar zela, eragile ezberdinei aurkeztera animatuz, auzotarrek, udal taldeek, zein norbanakoek. Eta horien artean dago Aralarrek alderdi bezala aurkeztutakoa. Berako Udalak alegazioa aurkeztu badu, bertzeren artean, Aralarrek alkateari hori egiteko behin eta berriz insistitu izan diolako izan dela dio talde honek. Alegazioak aurkeztearen funtsa Orsaren asfalto lantegia Alkaiagan ez ezartzea dela eta Aralarrek helburu hori bilatzen duela, eta bere esku dagoen guztia eginen duela dio bere idatzian.
Zalaingo industrialdeko lanen inguruan gardentasun eza
Zalaingo industrialdeko lanen harira, komunikabideen bidez jakin omen du Aralarrek txosten horien edukia, eta lerro hauek idazterakoan jaso dituzte txosten horiek. Honen aitzinean harridura agertu du Aralarrek. Talde honen ustez, hori da alkateak gainerako zinegotzi eta taldeekiko duen begirunea, eta informazioaren gardentasuna.