Zalain auzoan egin behar den industrialdeak auzotarren kezka eragin du

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 8a

Auzoa industrialdetik bereizten zuen bidea kentzea aurreikusten du proiektuak

Berako Zalaingo auzotarrak arduratuak daude, 1990az geroztik auzoa industrialdetik bereizten duen bidea eta auzorako sarbidea izan dena desagertzear dagoelako. Sinadura bilketa ere egin dute eta bildu dituzten 31 firmak Herriko Etxean aurkeztu dituzte. Udalak gaia aztertzeko eskaera egin zuten irail hasieran baina oraindik erantzunaren esperoan segitzen dute.

Gurdi bidearen ordez eraikia

1989an auzotarrek ordurarte erabiltzen zuten gurdi bidea asfaltatzeko eskatu zuten. Baina orduko Laminaciones de Lesaka enpresak gurdi bidearen bi aldeak aprobetxatu eta pabiloi luzeago bat egiteko bertze bide bat egitea proposatu zion Udalari. Honek onartu egin zuen eskaera eta 1990az geroztik hortik ibili dira auzotarrak. Gainera, industrialdetik «babesteko» bide bat bezala hartu izan dute. Enpresak bide berria egiteko lanak bere gain hartu zituen, eta 1991n bide berria –oraingoa– eta gurdi bidearen lur eremuaren artean permuta egiteko nahia luzatu zion Udalari. 14 urte beranduago, 2005ean ere ohar berdina bidali zion enpresak Udalari, permuta tramitatzeko nahia zuela, alegia. Udalak plenoan enpresaren proposamena onartu zuen, baina notarioaren aitzinean ez zuen tramitatu permuta. 2007ko maiatzaren 14ko udal aktaren ageri denez, promotoreak permuta bertan behera uzteko eskaera egin zuen, eta Udalak ere horren gaineko interesik ez duela adierazi zuen. Hala, joan den urteko plenoan permutaren kontua bertan behera uztea adostu zuten.

Industrialdeko lanak hasiak

Aurtengo uztailean hasi zituzten Zalaingo C12 industrialdea deiturikoa urbanizatzeko lanak. Eta proiektu horren arabera, auzotarrek 90. hamarkadaz geroztik erabili duten bidea desagertu eginen da eta Zalain auzokoek industrialdean barna ibili beharko dute. Gainera, auzotarren hitzetan, «industrialde berriarekin kamioien trafikoa areagotu eginen da». Gaineratu dutenez, orain arte ere, «Zalaingo auzoa bere kokapenagatik nahiko zigortua dago industrializazioaren ondorioz. Industrialdez inguratua dago, errepide zaharrez eta saihesbidez». Guztiak kezka eragin du Zalainen eta arazoari irtenbide bat emateko eskatzen diote auzotarrek Udalari.

Berako alkatearen azalpenak

Josu Iratzoki Berako alkateak, bere aldetik, gaiari buruz zera adierazi du prentsan: «industrialdearen promotoreek eskaera bat egin dute Hirigintza Planean eraikitzeko onartutako alineazioan aldaketa egin dadin. Baina Udalak ez du ontzat eman, eta erabakia hartu aitzinetik txosten tekniko eta juridikoen zain dago. Aitzineratu dezakegu txostenak kontrakoak direla, industrialdea eta auzotarren artean babesgune bat egon behar duelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun