Ez ohiko azken batzarrean oposizioko taldeen jarrera salatu du Berako alkateak

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 6a

ANVk aurkeztutako mozioa ez zela eztabaidatu ere egin jakinarazi du

Berako azken ez ohiko batzarrean aurkeztutako mozio eta emendakinei inguruan izandako eztabaida eta komunikabideetan azaldu den informazioari buruz zenbait azalpen eman nahi izan ditu Josu Iratzoki alkateak.

ANVk deitutako ez ohiko bilkura

Alkateak azpimarratu nahi izan duenez, ezohiko osoko bilkura deitu zuen EAE-ANV alderdiaren ilegalizazioa salatzea zelarik gai ordeneko puntu bakarra. Auzitegi gorenaren erabaki hau oso larria izan da eta ezhoiko bilkura bat deitzeko nahiko eta sobera arrazoi iruditzen zaio Berako alkateari.

Oposizioak emendakina

Oposizioko taldeek osoko bilkura unilateralki deitu izana eta inori kontsultatu gabe egitea egotzi zieten ANVkoei eta emendakina aurkeztu zuten asteburuan gertatutako bertze ekintzak ere sartuz eta mozioak denen artean adostu eta aurkeztu behar direla erranez. Josu Iratzokik dioenez, Aralarrek bere buruari aplikatu beharko lioke hori, Orsaren plantaren alegazioetan adibidez, Berako udalaren izenean alegazioak aurkeztu diren arren, beraiek beren aldetik ere aurkeztu dituztelako, eskubide guztiarekin noski.

Mozioa eta emendakina, biak aztertzea eskatzen du ANVk

Josu Iratzokik idatzian aipatu duenez, Beran minorian daude alkatetzan eta mozioak aitzinera ateratzerakoan arazoak izan dituzte. Oposizioko taldeek emendakina aurkezten dute gure mozioaren aurka, kasu honetan bezala, eta hau bozkatzen da lehenengo. Emendakina aintzinera ateri ezkero ANVren mozioa etzen bozkatzen ere. ANVri nahiko aldrebesa iruditzen zaio berak osoko bilkura deitu eta beraien mozioa ez bozkatu ezta tratatzea ere. Horregatik, azken batzarrean beraien mozioa lehenik eta gero emendakina bozkatzea erabaki zuten, honela biak tratatu eta aktan azaltzen direlako. Baina bertze taldeak eta batipat Aralar, prozedura honen kontra azaldu zen eta honek harritu egin du Berako alkatea. Alde batetik gure eskubideak errespetatuko dituztela erran bai, baina bertzetik ANVren mozioa estali eta bozkatzeko eskubidea kendu nahi dutela uste du. Prozedura honen kontra nola egon daitezken ere ez du ulertzen Josu Iratzokik. Alde batetik ilegalizatuak baina bertzetik herrian bertan ere ixilarazi nahi dituztela dio Berako alkateak eta bakoitzak bere ondorioak aterako dituela uste du, idatzia bukatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun