Behin eta berriz erabiltzeko mila poltsa banatuko ditu Lesakako Zerbitzuen Elkarteak

Aitor AROTZENA 2008ko urr. 6a, 17:19

Jabier Oronoz, Lesakako Zerbitzuen elkarteko idazkaria, behin eta berriz erabiltzeko poltsa erakusten. TTIPI TTAPA

Lesakako 32 denda, ostatu, jatetxe eta bertzelako komertzioak biltzen dituen Zerbitzuen Elkarteak ingurumena errespetatzeko helburuarekin, behin eta berriz erabiltzen ahal den erosketa-poltsa banatuko du herrian. Zerbitzuen Elkarteak eta Lesakako Herriko Etxeak erdibana ordainduko dute 1.025 poltsak egitea eta banatzea kostako den 2.900 euroak. Javier Oronoz, Lesakako Zerbitzuen Elkarteko idazkariak ortziral arratsaldean egindako aurkezpenean aipatu zuenez, bezero aunitzek ingurumenarekin sentsibilizazio berezia daukate eta aunitz bere poltsa edo kapazoarekin joaten dira dendetara. Tela antzeko poltsa berri honekin, plastikoaren erabilera murrizteko helburua dute Lesakako merkatariek ere. Gainera, sakelean sartzeko moduan biltzen ahal da eta aski erabilgarria dela azpimarratu nahi izan du Jabier Oronozek.

Helburua: Birziklatzea

Lesakako Zerbitzuen Elkarteak, Beti Gazte elkartean egin zuen aurkezpena, bertan, Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak “Helburua: Birziklatzea” izeneko erakusketa paratua baitzuen. Hain zuzen, Lesakako Zerbitzuen elkarteak martxan jarri duen kanpaina berriarekin bat egiten duen helburua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun