‘Mugarik gabe’ topaketa eginen da aste honetan Bortzirietan

Aitor AROTZENA 2008ko urr. 6a, 17:16
Marisol Taberna, Jokin Apezetxea, Alaitz Taberna eta Sandra Lompre, astelehen eguerdian Berako Herriko Etxean egindako agerpenean. TTIPI TTAPA

Mugarik Gabe egun handia urriaren 11n ospatuko da

Etorkinak eskualdean gizarteratzeko helburuarekin, eta herrialde bakoitzaren kultura hemen ere ezagutarazteko, Mugarik gabe topaketa antolatu dute bosgarren urtez Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta Euskara Mankomunitateak eta Inti Kausay elkarteak elkarlanean. Mugarik Gabe kultur ezberdinen arteko astea aurkeztu dute astelehen eguerdian Berako Herriko Etxean. Marisol Taberna Berako zinegotzia, Jokin Apezetxea Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako langilea, Alaitz Zabaleta euskara teknikaria eta Inti Kausay elkarteko Sandra Lompre izan dira ekitaldian.

Herritarrak sentsibilizatzeko asmoz

Hasteko, Marisol Tabernak Mugarik Gabe ekimena duela bortz urte Beran nola sortu zen azken bi urteetan Bortzirietara nola hedatu den azaldu du. Helburua, Bortzirietan gaur egun bizi diren kultura ezberdinen arteko topaketa bat egitea dela azpimarratu du, beti ere herritarrak errealitate horren aitzinean sentsibilizatzeko asmoz. Ondotik, Jokin Apezetxeak gai honen inguruan aipatu nahi izan du, multikulturatik interkulturara pasatzeko asmoa, hau da, kultura aunitz izatetik, kultura artean harremanak izatera pasatzea. Alaitz Zabaleta euskara teknikariaren erranetan, etorri berriak euskarara hurbiltzea eta euskara ikasteko laguntza ematen saiatzen dira.

Ekitaldien berri

Inti Kausay elkarteko Sandra Lomprek, azkenik, Mugarik Gabe egitarauaren barne eginen diren ekitaldien berri eman du. Futbito txapelketa, erraterako, irailaren 27an hasi zen. Larunbat honetan, urriak 4, bigarren kanporaketa jokatu da eta urriaren 11n, berriz, finala. Berako kiroldegian ari dira partida guztiak jokatzen. Egun haundian, urriaren 11n, 16:00etan hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehia jokatuko da eta 17:00etan final nagusia. Futbito txapelketaz gain, bertzelako ekitaldiak ere antolatu dituzte Mugarik gabe astearen barne. Lesakan, Etxalarren eta Beran eginen dira. Etxalarren, urriaren 7an, asteartea, Hamarretik zortzi eta Iratzarriak dokumentalak ikusteko aukera izanen da, 19:30ean Kultur Etxean. Lehenbizikoan, munduko hamarretik zortzi haur pobrezian direla aipatzen da. Bigarrenean, berriz, munduko bortz emakumek Etxalarko baserri batean egindako bilkurari buruzko dokumenatala ageri da. Ondotik luntxa izanen da. Urriaren 9an, ortzeguna, Lesakak hartuko du jardunaldien lekukoa. Solasaldia eginen da Zurekin, bertze mundua baietz lortu izenburupean. Globalizazioaren azterketa eginen da eta gizakiak hori hobetzeko egin dezakeenaz mintzatuko dira. 19:30ean hasiko da Lesakako Udalaren erabilera anitzeko aretoan. Hitzaldia TAU fundazioak emanen du. Ondotik, Etxalarren bezala, luntxa eginen da.

Egun haundia urriaren 11n

Halere, egun haundia, urriaren 11n eginen da Beran. 16:00etan emanen zaio hasiera jaialdiari. Futbito txapelketako azken partidak jokatu ondotik, 17:30ean kalejira izanen da Topacio eta Lamiak taldeekin. 18:00etan Julen Zelaieta bertsolariaren txanda izanen da. 18:05ean txalaparta, trikitxa eta Yenbe saioa izanen da. 18:20an Inti Kausay taldeak manifestua irakurriko du. 18:45ean futbito txapelketako sari banaketa eginen da. 19:00etan sabel-dantza saioa eskainiko du Nuha Mushalek. Ilunabarrean, 19:15etik 20:15era kapoeira dantzak ikusteko aukera izanen da Topacio taldearekin. Segidan, jardunaldi gastronomikoei emanen zaie hasiera, eta egunari behar bezalako segida emateko, 21:00etatik 23:00etara dantzaldia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun