Igantziko San Migel bestetako hondar eguna izan zuten asteartekoa. Azken txanpa hori probextu nahi izan zuten ttikienek nahiz nagusiagoek. Honela, goizez eta arratsaldez haurrendako puzgarriak izan ziren frontoian. Igantziko neska-mutikoek, eskolarik ez zutela baliatuz, gustora ibili ziren saltoka eta zilipurdika:
Bertze batzuk zezen mekanikoa errenditzen saiatzen ziren, baina hori dauka mekanikoa izateak: ez zarela inoiz nekatzen eta haurrak, aldiz, bai. Horregatik, denak, laister edo beranduago koltxonetara erortzen ziren.
Bitartean, eskolako patioan helduxeagoak kartsetan, edo bizikartsetan hobe erranda, zebiltzan gustora, buelta eta buelta…
Helduenak betizuekin
Baina ttikienek zezen mekanikoarekin utzita, helduxeagoak egiazko zezenaren bila joan ziren plazara. Lehenbiziko, Incansables txarangaren laguntzarekin kalejiran ailegatu ziren plazaraino. Plazaren erdi-erdian hesi bat antolatua zuten gazteek zezenetaz babesteko, baita igerileku ttiki bat, babestu bidenabarkoan, frexkaldia hartzeko. Izan ere, eguzkiak jotzen zuenean, eguzkiak goxo berotzen baitzuen asteartean ere. Aurtengo bestetan ez dute eguraldiaren kejarik izanen Igantzin! Igantziko gazteek lasterkaldi politak egin zituzten betizuen aitzinean eta ikusleek ere ederki pasatu zuten. Bartzelona eta Osasunako futbol taldeetako jokalariak izan ziren zezenei gehien arrimatu zirenak, izan ere, entrenamendua beti ona izaten da laisterka ibiltzeko… toreroarena egiteko… putzura salto egiteko… halere, beti ez da aski izaten, eta seguruenik gaur morelen batekin ibiliko dira Igantziko gazte hauek.
Giro ederra herri bazkarian ere
Hondar eguneko ekitaldi nagusia herri bazkaria izaten da eta aurtengoan ere, Sustrai Kolina eta Andoni Egaña bertsolariak gonbidatuak zituzten igantziarrek. Mahaiaren bueltan goxo somatu genituen igantziarrak azken egun honetan, bestetako gorabeherei buruzko komentarioak egiten, batzuk bestondoa pasatzen, bertze batzuk alai kantari… Izan ere, bestetako hondar egunean denek gorputzaldi ezberdina izaten dute: batzuk bestak noiz akautuko, atsedenaren zain izaten dira eta bertze batzuk, aldiz, azken orduak sasoi batean eta besta ederra eginez akautu nahi dute. Hori bai, Igantziko herri bazkarian adin guzietako herritarrak ikusi genituen, gazte-gazteetatik hasi eta erretiratuak bitarte. Ederki bazkaldu ondotik eta kafe eta kopaz ongi hornittu eta gero, Incansables txarangak bizpahiru kanta jo zituen. Tartean euskal kantuak ere bai eta ahotsak berotzeko eta elkarri bizkarretik hartuta mahaitik mugitu gabe dantzatzeko baliagarriak izan ziren. Gero, bertsolarien txanda izan zen. Segidan igantziarrak, eta batez ere, betizuetan ausarten eta kolpatuen ibili ziren toreroak hartu zituzten gaitzat Sustrai Kolinak eta Andoni Egañak.
Akabo bestak!
Arratsaldean haurrek puzgarriekin eta bonba japoniarrekin gozatu zuten eta arratsean asto eta galtza jario lasterketa egin ziren. MODESTO akordeolarien doinuekin akautu ziren bestak, baina guk Incansables txarangarekin eta bestetako hondar eguneko irudi ikusgarrienekin uzten zaituztegu.