Aralarrek alegazioa aurkeztu du Excavaciones Orsa SL enpresak Lesakako Alkaiaga auzoan jarri nahi duen asfalto plantaren aurka. Aralarren iritziz, asfalto planta hau jarri nahi den lurra lur ez urbanizagarria da, lur orokor moduan kalifikatua dagoena Lesakako Hirigintza araudian. Lur kalifikazio horretan aitzinetik dauden jardueren hobekuntza eta handitzea baino ez da baimentzen, eta gainerako erabilerak debekatu egiten dira espreski. Lurzorua kalifikatzeko erabilitako legea 2002an bertan behera gelditu zen, eta geroztik bi lur motatan bereizten dira lur ez urbanizagarriak. Udalek hiru urteko epea zuten euren planak homologatzeko, eta epe hori iragan ondotik, Lesakako Udalak ez zuen araudia egokitu aitzineko legegintzaldian. Aralarren ustez, planta berria jartzera doazenez, erabilera hori debekatua dago eremu horretan, Lesakako Hirigintza Araudiaren 51. artikuluak dioenaren arabera. Gainera, Alkaiaga auzoa lurzoru urbanoa dela kontuan hartu behar da.
Alkaiagako zein Berako bizilagunen kalterako
Aralarren aburuz, asfalto planta bat bertan jartzea Alkaiagako zein Berako bizilagunen kalterako izanen da, bereziki Agerrako auzokoentzat. Asfalto lantegitik hurbileneko etxeetara apenas daude 100 metro. Aralarren irudikoz, gisa honetako lantegiak herriguneetatik urrun paratu beharko lirateke, ingurumen arloko neurri zorrotzekin, eta proiektuak bildutako neurriak ez dira nahikoak airearen, uraren eta soinuaren kalitatea bermatzeko, bizimodu egokia gauzatu ahal izateko Hori guztia horrela izaki, lizentzia bertan behera uztea eskatu dio Aralarrek Lesakako Udalari.