San Migel eguna giro ederrean ospatu zuten Igantzin

Goizalde URDANPILLETA 2008ko irailaren 30a

Herriko dantzariek saio ikusgarria eskaini zuten. TTIPI TTAPA

Goizean prozesioa, meza eta dantzak izan ziren egun handian

Astelehenean, irailaren 29an, San Migel eguna ospatu zen Igantziko besten barne, alegia, zaindariaren eguna. Bezperako arrastoak nabariak ziren kalean, dena nahiko lasai bai zegoen goizean. Baina goizeko 11ak baino lehen hasi ziren kaskabel eta kastañuela doinuak entzuten urrunean. Poliki-poliki doinu hauek plaza ingurura hurbiltzen nabaritu genituen eta hala, dantzari eta soinulariak ikus ahal izan ziren plazara doan karrikan. Herriko dantzari eta musikariek osatzen zuten konpartsa eta kaskabel eta kastañuela eramaileak mutilak ziren. Beti arazoak izaten dira herrietan mutil dantzariak topatzeko, baina San Migel eguna iristean, ez da arazorik izan Igantzin. Herriko Etxe berriaren aitzinean geratu ziren dantzari eta musikariak eta ohiko erritoa jarraitu zuten.

Prozesioa eta meza

Roberto Txoperenak herriko ikurra hartu zuen eta bere gibeletik herriko alkate eta zinegotziak joan ziren eliza bitarteko bide laburra osatuz. Elizaren sarreran dantzariek pasoa egin zieten agintari nahiz herritar guztiei. Ondoren, meza nagusiari ekin zion herriko apezak. Meza hau hagitz berezia izaten da herriko abesbatzak kantatua izaten baita. Gainera bitxia da ikustea rolak nola aldatzen diren, hau da, herriko alkateak herriko makila zeraman elizara sartzean, baino gero bertze edozein herritar bezala herriko abesbatzan sartu zen, eta horrelaxe gertatu zen dantzari edo musikariekin…hori bai ederra! Benetan miresgarria da ikustea zer nolako lana egiten duten herrietan horrelako abesbatzak sortzen eta lantzen eta kanturako gustu handia badela agerian geratu zen asteleheneko meza nagusian.

Bandera danta eta bertze dantzak

Bitartean jendea eliz atarian zain zegoen. Dantzariak urduri zeuden aurreko urteko pausuak gogoan izanen zituzten ala ez beraien buruari galdetzen. Arropa xuriak eramaten zituzten eta bularraldean zinta gorri eta urdinak, nahiko zabalak. Orpoan kaskabelak eta eskutan makilak. 12ak hurbil zirenean hasi ziren lehendabizikoak mezatik ateratzen. Hemen ere erritoa jarraitu zen eta bandera joan zen denen aitzinean, eta gibeletik herriko agintariak eta gainerako guztiak. Plazaren erdian jarri zen Roberto Txoperena eta bandera dantzari ekin baino lehen ohiko agurrak egin zituen… Eta ondotik… bandera dantza… Segidan agintariak eta bandera plazaren alde batean jarri eta dantza saioari ekin zioten herriko dantzariek. Gogoan izan behar dugu, aurreko larunbatean, hau da, irailaren 20an herriko dantzariek ordu pasatxoko emanaldi landua eskaini zutela, eta hortaz, San Migel eguneko saioa aunitzez ere laburragoa suertatu zela. Lehenik mutilak hasi ziren. 8 mutilez osatua zegoen taldea eta benetan ikusgarriak diren bi makil dantza eskaini zituzten. Lehenbizikoa akautzean bi dantzari kendu eta beste bi sartu ziren, beraz, pozgarria da ikustea aldaketarako adina gazte bazirela. 8 ez baizik eta 10. Segidan neskak atera ziren plazara. Hauek bai multzo ederragoa osatu zutela eta irribartsu eta alai jota eta porrusalda eskaini zituzten.

Bandera Herriko Etxeko leihora

Ez zen aunitz jende bildu plazan, baina pentsatzekoa da astelehena izanda jendeak lanera joan behar izanen zuela eta asteburuak ere bere ondorioak utziko zituela, dantzariez gain jende gazte gutxi ikusi bai genuen plazaren bueltan. Dantzak bukatu ondotik Roberto Txoperenak bandera Herriko Etxeko leihora igo zuen, gainerako agintarien laguntzarekin. Momentu hunkigarria izan zen hau….

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun