Euskal Herriko lasto altxatze txapelketa ez ezik, Nafarroako koxkor biltze Txapelketa ere jokatu zen larunbat arratsaldean Igantzin. Berze behin Fernando Etxegarai Berako kirolaria nagusitu zen. Aurtengo Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen lehenik abuztuaren 15ean Baliarrainen, 6 minutu eta 18 segunduko denborarekin. Euskal Herriko bosgarren txapela izan zen hau beratarrarentzat eta duela bizpahiru urtetik Euskal Herriko errekorraren jabe ere bera da. Larunbatean, berriz, Nafarroako txapelkea irabazi zuen Igantzin. Gainera, Fernando Etxegaraik larunbat goizean Olazagutia-Urbasa Mendi lasterketan bosgarrena izana zen. Laisterketa hau, mendi lasterketetako Euskadiko Kopako azkena zen eta Kopa hau ere irabazi du Fernando Etxegaraik.
Lau segunduko aldea Etxegarai eta Irazokiren artean
Igantziko finalera bueltatuz, lana gogotik egin behar zuen Fernandok, azken urteetan beti buru gainean izan duen txapelari eusteko. 6 minutu eta 4 segundutan bildu zituen metro eta 25 zentimetroko distantzian, bi lerrotan paratutako 50 koxkorrak. Aipatzekoa da goizeko lasterketatik belauna ukitu xamar zuela zetorrela beratarra, baina halere, beti bezala, bere lana ederki bete zuen. Patxi Irazoki igantziarra hurbil-hurbilean izan zuen, baina azkenean, 4 segundu eskasengatik, azpitxapeldun izan zen Patxi. 6 minutu eta 8 segundu behar izan zituen lana akautzeko, Berriozarko Josu Jimenezek osatu zuen podiuma, 6 minutu eta 22 segunduko denborarekin. Azken postua saihesteko borroka izan zuten Andoni Lasaga etxalartarrak eta Berriozarko Iñaki Ekisoainek. Azkenean Lasaga laugarren izan zen, 6 minutu eta 41 segunduko denborarekin eta Ekisoainek 7 segundu gehiago behar izan zituen.
Sailkapena
1. Fernando Etxegarai (Bera): 06:04
2. Patxi Irazoki (Igantzi): 06:08
3. Josu Jimenez (Berriozar): 06:22
4. Andoni Lasaga (Etxalar): 06:41
5. Iñaki Ekisoain (Berriozar): 06:48