Iñaki Bereau igantziarrak sorterrian irabazi du Euskal Herriko lasto altxatze txapelketa

Oskar TXOPERENA 2008ko irailaren 30a

Bereauk bertze igantziar baten eskutik, Nafarroako herri Kirol Federazioko presidentea den Joxelu Retegiren eskutik hartu zuen txapela. TTIPI TTAPA

Podiuma bertze bi herritarrek osatu zuten, Carlos Sein eta Oskar Telletxeak

Igantziarrek etxean jokatzen zutela baliatu zuten larunbat arratsaldean, San Migel besten barrenean jokatu zen Euskal Herriko lasto altxatze txapelketan podiumeko hiru koxkak hartzeko. Seguruenik inoiz gertatu gabekoa gertatu zen, Euskal Herriko herri kirol txapelketa baten finalean, hiru lehenbizikoak herri berekoak izatea, alegia.

Lau kirolari 22 altxaldirekin, zentesimek erabaki zuten txapela

Emozio ikaragarria izan zen Igantzin larunbat arratsaldean. Izan ere, lehenbiziko lau sailkatuek hogeitabina jasoaldi egin zituzten, baina bi minutuak agortu ondotik egindako jasoaldiaren denborak erabaki zuen aurtengo txapelduna. Hain zuzen Iñaki Bereauk jantzi zuen txapela, soilik 30 ehuneneko aldea aterata Carlos Seini. Izan ere, Bereauk 2 segundu eta 66 zentesima behar izan zituen hogeita hirugarren jasoaldia egiteko eta Seinek 2 segundu eta 96 zentesima. Oskar Telletxeak osatu zuen podiuma, hogeita hirugarren jasoaldia emateko 6 segundu eta 36 zentesima behar izan baitzituen. Joxemartin Bustintza “Tubi” bizkaitarra hogeitabigarrena doi-doi egin zuen. Xabi Sein igantziarra ez zen urrun ibili, bosgarren postua eskuratu baitzuen. 21 jasoaldi eman zituen eta hogeita bigarrena egiteko 2 segundu bertzerik ez zituen behar izan. Beraz, bi segundu horiexengatik ez dira aurten Euskal Herriko lau lasto altxatzaile onenak igantziarrak.

Hamabortz kirolari

Hamasei kirolari ziren lehian aritzekoak, baina Unai Ardeo bizkaitarrak ezin izan du jardun, gaixorik baitago. Beraz, hamabost kirolari aritu ziren lehian 45 kiloko lasto-fardoarekin zeinek egin jasoaldi gehien, 7 metrora eta bina minutuko txandan.
Gainerako partehartzaileak ez ziren 20 altxaldietara ailegatu: Urruñako Andde Arbenoitzek 19 egin zituen eta seigarren sailkatu zen; hemezortzina Jose Lauzirika arabarrak, Jon Lapazaran bizkaitarrak, Patxi Ituarte gipuzkoarrak, Joxe Lapazaran bizkaitarrak eta Joxemari Atutxa bizkaitarrak. Aipatu ditugun ordenaren arabera sailkatu ziren, 19garren altxaldia egiteko behar izan zuten denbora kontuan hartuz. 16 jasoaldi egin zituen Igotz Ardeo bizkaitarrak, hamalauna Koldo Murgiondo bizkaitarrak eta Estebe Hualde urruñarrak eta 13 jasoalditan gelditu zen Pello Argaia gipuzkoarra.

Bereauk hiru txapel jantzi ditu aurten

Iñaki Bereau txapeldunak, aurten hiru txapel jantzi ditu. Izan ere, Nafarroakoa irabazi zuen lehenik, 21 jasoaldirekin, ondoren Zazpi Herrialdeen Artekoan ere onena izan zen, 20 jasoaldi egin eta 7 puntu emanez Nafarroari eta larunbatean, Euskal Herriko txapela jantzi zuen sorterrian, 22 jasoaldi emanda.
Iazko txapelketa Xabi Sein igantziarrak irabazi zuen, 23 jasoaldi eginda. Aurten ere hor nonbait ibiliko zen, baina altxaldi bat baliogabekoa egin zuen eta hainbertzeko berdintasuna zuen finalean, horrexek kendu zion txapela irabazteko aukera.

Sailkapena

1. Iñaki bereau (Igantzi, Nafarroa): 22 jasoaldi (02.66)
2. Carlos Sein (Igantzi, Nafarroa): 22 jasoaldi (02.96)
3. Oskar Telletxea (Igantzi, Nafarroa): 22 jasoaldi (06.36)
4. Joxemartin Bustintza Tubi (Bizkaia): 22 jasoaldi
5. Xabi Sein (Igantzi, Nafarroa): 21 jasoaldi (02.00)
6. Andde Arbenoitz (Urruña, Lapurdi: 19 jasoaldi (03.86)
7. Jose Lauzurika (Arangiz, Araba): 18 jasoaldi (01.10)
8. Jon Lapazaran (Markina, Bizkaia): 18 jasoaldi (01.22)
9. Patxi Ituarte (Mutriku,Gizpuzkoa): 18 jasoaldi (02.96)
10. Joxe Lapazaran (Markina, Bizkaia): 18 jasoaldi (09.73)
11. Joxemari Atutxa (Dima, Bizkaia): 18 jasoaldi
12. Igotz Ardeo (Getxo, Bizkaia): 16 jasoaldi (01.00)
13. Koldo Murgiondo (Bizkaia): 14 jasoaldi (01.36)
14. Estebe Hualde (Urruña, Lapurdi): 14 jasoaldi
15. Pello Argaia (Zizurkil, Gipuzkoa): 13 jasoaldi

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun