Larunbat eguerdian bota zuten Igantzin aurtengo San Migel bestei hasiera eman zion txupinazoa. Hasiera ofiziala diogu, ortziralean, gazteek antolatutako hainbat ekitaldi egin baitziren, trikipoteoa, ginkana eta rock kontzertu jendetsua, bertzeak bertze. Beraz, ortziral arratsean hainbat jende bildu zen Igantzin, eta horietako batzuk, oraindik tinko eusten zuten larunbat eguerdian ere plazan, txupinazoaren esperoan. Halere, gehienak zintzo-zintzo ohatzetik ernatu eta plazara joandakoak ziren: gaztetxoenek beraien kamixeta eta blusa berezia zuten, baina gehienek, Igantziko Biltokiko blusa urdin iluna eta zapi berdeak prest zituzten bestei hasiera emateko.
Herriko Etxe berritik eta eguerdian piztu zuten txupinazoa Telletxeak eta Irazokik
Aurtengo txupinazoak bi berrikuntza nagusi zituen: alde batetik, nabarmenena, leku ezberdinetik botatzen zela. Izan ere, San Migel bestetarako estreinaldia egin zuen Herriko Etxe berriak. Bertze aldetik, urtetan bezperako arratseko 8etan bota izan dute txupinazoa Igantzin, baina aurten, asteburua aprobetxatzeko, eguerdiko 12etan bota zuten. Azken ordura arte ixilean gordea zuten Igantziko Herriko Etxean aurtengoan txupinazoa botatzeko arduradunak nor izanen ziren, baina abudo ikusi genuen zein izanen ziren. Iaz bezalaxe, aurten ere herriko bi kirolari handiri utzi zien udalak ardura hori: sokatiran Munduko txapeldun eta lasto altxatzen punta-puntan dabilen Oskar Telletxeari eta koxkor biltzen nahiz mendiko lasterketetan goi mailan dabilen Patxi Irazokiri. Eguerdiko 12ak pasatuxeak zirenean, herritarrei San Migel bestak ongi pasatzea opa ondotik, biek piztu zuten suziria, Herriko Etxeko leiho nagusian. Segidan, Incansables txaranga lanean hasi zen eta igantziarrek saltoka eta dantzan ekin zioten bestei. Kankailu eta buruhandiak ere lanean hasi zirenez, haurrek lasterka ere egin behar izan zuten. Herriko Etxetik globoak, goxokiak eta kamixetak botatzen zituzten bitartean, txanpaina ere banatu zuten, besta hasiera pizten joateko. Herriko Etxera hurbildu eta Oskar Telletxea eta Patxi Irazokirekin izan ginen. Bestei hasiera emateko ohore hori bete ondotik gustora zeuden, nahiz eta arratsaldean herri kirolean zuten hitzordu garrantzitsua ere buruan izan. Iñaki Goienetxe alkatea ere gustora zegoen. Zapi berdea lepoan lotu eta, bestak hasi arteko kezkak uxatuta, Sanmigelei ekiteko gogotsu somatu genuen.
Herri kirol txapelketak eta erakustaldia arratsaldean
Arratsaldean, bazkal ondoan pottokekin ibiltzeko aukera izan zuten haurrek, baina hitzordu nagusia herri kirolekin izan zuten igantziarrek. Bi txapelketa ofizial eta herritarren arteko desafio ikusgarria izan zituzten plazan. Jokoa Solas kirol saioan aipatuko dugu txapelketa ofizialen berri zehatza, baina aipatzekoa da Euskal Herriko lasto altxatze txapela herrian gelditu zela, Iñaki Bereauen buruan. Ez hori bakarrik, podiuma oso-osorik igantziarrek osatu zuten, Carlos Sein bigarren izan baitzen eta txupinazoko protagonistetako bat izan zen Oskar Telletxea hirugarren. Koxkor biltzen ere lehia ikusgarria eskaini zuten Fernando Etxegarai beratarrak eta Patxi Irazoki igantziarrak, bertze txupineroak. Azkenean, lau segundu eskasengatik Berara joan zen txapela. Aipatu bezala, Jokoa Solas saioan bi txapelketa hauen berri zehatzagoa emanen dugu. Baina herri kirolak, txapelketetatik ez ezik, apostu, desafio eta erronkatik ere edaten du auniztan. Horren erakusgarri, txapelketa ofizialen ondotik, herritarrek egin zuten desafioa. Alde batetik, arpanarekin aritu ziren Iñaki Portu eta Julen Txoperena, Nafarroako bigarren mailako txapeldunak. Bertzetik, motozerrarekin aritu zen Xabi Almadoz. Lehenbiziko proba, labur-laburra izan zen, nork kortea lehenago eman. Proba honetan, giharra nagusitu zitzaion motorrari eta Portu eta Txoperena nagusitu ziren. Proba luzeagoa prestatzen zuten bitartean, lasto altxatzeak herrian segida izanen duela erakutsi zuen Arkaitz Retegi gaztetxoak. Nagusienen estiloari segituz, Igantzik etorkizunean ere txapeldunak izanen dituela erakutsi zuen. Berriz ere arpana eta motozerraren arteko lehian, oraingoan lan luzeagoan aritu ziren. Enbor batzuk etzanda eta bertzeak zutik moztu behar izan zituzten eta lan luzean ere arpanlariak nagusitu ziren. Herri kirolari guziek igantziarren eta bertara bildutakoen txalo zaparrada jaso zuten.
Euskal Herriko errekortadoreak igande eguerdian
Larunbateko txupinazo eta herri kirol saioen ondotik, igandean, Ezkonduen Eguna ospatu zuten Igantzin. Igantziarrei aurtengo bestetako egitarauko ekitaldirik bereziena zein zen galdetuta, gehienek eguerdiko betizuak aipatu ziguten. Aspaldiko urteetan Igantziko gazteek ikuskizun polita prestatzen dute betizuekin, baina hori asteartean ikusiko dugu seguruenik. Baina igande eguerdian Euskal Herriko errekortadoreekin ikuskizun berezia espero zen eta halaxe suertatu ere Beraz, eguerdirako zezen-plaza eta inguruak jendez gainezka ageri ziren. Betizuak ateratzen hasi orduko, Bergaratik hurbildutako seikoteak salto, zilipurdi eta ezusten betetako ikuskizuna eskaini zuten. Batzutan, zuzen-zuzenean adarren gainetik saltatu zuten… bertzetan, makil baten laguntzaz… bakarka nahiz binaka… denak belauniko jarri eta desafioka ere aritu ziren… quad batek, errejoneadoreen zaldiaren lana bete eta xexenari zirika ere ibili ziren… plaza erdian jarritako koxka batzuen gainean ere geldi-geldi egon eta zubirin-zubiri jostetan ere ibili ziren betizuarekin… Jendeak txaloz eskertu zituen errekortadoreen erakustaldiak, baina hauek herriko boluntarioak eskatu zituzten lanean segitzeko. Honela, Portu eta Xabi atera eta kolunpio batean dilin-dalan ibili ziren, behien desesperazioa eta ikusleen ajariak sortuz. Piszina ttiki bat ere atera zuten eta hemen Xabik bere ausardia erakutsi zuen berriro ere… halere, betizua ez zegoen ikusle soil izatearekin konforme eta Xabirekin batera putzura salto egin zuen. Abudo aski atera ziren biak, Xabi eta betizua putzutik. Baina igantziarra oraindik bustitzeko gogoz zegoen nonbait: bere saltoarekin, lepoko mina eta guzi somatu zuten ikusleek, baina Xabik zauli dagoela erakutsi zuen berriz ere. Eguerdiko azken ikusgarria herriko bi neskek eskaini zuten. Behi mozorroa jarri eta hasierako ikariari buelta emanez, gustora ibili ziren egiazko betizuaren ondoan. Honek ez zuen sekula eraso egiteko itxurarik eman, alderantziz baizik. Behi mozorrotuarengana hurbiltzen zirenak uxatzen zituen betizuak, hau babesteko edo. Eta Igantziko bi neskak gustora, noski, betizua bizkarretik heldu eta dena egin zuten, txalo artean. Beraz, jendea gustora gelditu zen Euskal Herriko errekortadoreek eskainitako ikuskizunarekin eta herritarrek emandakoekin ere. Orain, astearte eguerdiko betizuen zain gelditu dira.
Pilotari profesionalak arratsaldean
Arratsaldeko Dantza Jazz saioaren ondotik, Frontis enpresako pilotarien arteko partidak izan ziren. Lehenik, herriko gaztetxoak aritu ziren pilotan. Gero, profesionalek hartu zuten txanda. Lau terdiaren barrenean, Urdanizek 22 era 20 irabazi zion Mikeli. Segidan, binakako partidan, Aritz Lasak eta Beñat Mitxelena aranztarrak 22 eta 17 irabazi zieten Ibai Bengoetxea leitzarrari eta Fernando Arretxe handiari. Dantzaldiarekin, Muxikoekin eta su artifizialekin akautu ziren igandeko ospakizunak Igantzin.