‘Mugarik gabe’ topaketa eginen da heldu den astean Bortzirietan

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 29a

Aurten ere bertze herrialdeetako dantzak ikusteko aukera izanen da urriaren 11n Berako kiroldegian. TTIPI TTAPA

Horrez gain, futbito txapelketa jokatzen ari dira

Etorkinak eskualdean gizarteratzeko helburuarekin, eta herrialde bakoitzaren kultura hemen ere ezagutarazteko, Mugarik gabe topaketa antolatu dute bertze urte batez Bortzirietako Oinarrizko GIzarte Zerbitzuek eta Euskara Mankomunitateak elkarlanean. Bortzgarren edizioa izanen da aurtengoa, eta egitarau zabala prestatu dute. Futbito txapelketa, erraterako, joan den larunbatean, irailak 27, abiatu zuten. Larunbat honetan, urriak 4, bigarren kanporaketa jokatuko da eta urriaren 11n, berriz, finala. Berako kiroldegian ari dira partida guztiak jokatzen. Egun haundian, urriaren 11n, 16:00etan hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko lehia jokatuko da eta 17:00etan final nagusia.

Futbito txapelketaz gain, bertzelako ekitaldiak ere antolatu dituzte Mugarik gabe astearen barne. Lesakan, Etxalarren eta Beran eginen dira, hurrengo astean.
Etxalarren, urriaren 7an, asteartea, Hamarretik zortzi (haurtzaroari buruz) eta Iratzarriak (emakumeari buruz) dokumentalak ikusteko aukera izanen da, 19:30ean Kultur Etxean. Ondotik luntxa izanen da. Urriaren 9an, ortzeguna, Lesakak hartuko du jardunaldien lekukoa. Solasaldia eginen da Zurekin, bertze mundua baietz lortu izenburupean. Globalizazioaren azterketa eginen da eta gizakiak hori hobetzeko egin dezakeenaz mintzatuko dira. 19:30ean hasiko da Lesakako Udalaren erabilera anitzeko aretoan. Hitzaldia TAU fundazioak emanen du. Ondotik, Etxalarren bezala, luntxa eginen da.

Egun haundia urriaren 11n

Halere, egun haundia, urriaren 11n eginen da Beran. 16:00-etan emanen zaio hasiera jaialdiari. Futbito txapelketako azken partidak jokatu ondotik, 17:30ean kalejira izanen da Topacio eta Lamiak taldeekin. 18:00etan Julen Zelaieta bertsolariaren txanda izanen da. 18:05ean txalaparta, trikitxa eta Yenbe saioa izanen da. 18:20an Inti Kausay taldeak manifestua irakurriko du. 18:45ean futbito txapelketako sari banaketa eginen da. 19:00etan sabeleko dantza saioa eskainiko du Nuha Mushalek.

Ilunabarean, 19:15-etik 20:15era kapoeira dantzak ikusteko aukera izanen da Topacio taldearekin. Segidan, jardunaldi gastronomikoei emanen zaie hasiera, eta egunari behar bezalako segida emateko, 21:00etatik 23:00etara dantzaldia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun