Azken hauteskundeak geroztik Lesakan pasatzen ari dena ikusita aukeratu dut izenburu hori artikulu honentzako. Karguak hartzerako momentuan adierazi genuen, Udal Gobernuaren osaketa berria ez zela ona herriarentzat, ez zelako herriaren erabakia ordezkatu eta Lesakari benetan komeni zaiona kontuan hartu ordez, gorroto eta ezinikusiak hartu zirelako kontuan.
Hasieratik dimisioak eta bertze gorabeherak izan genituen, ordua ailegatutakoan bete ez ziren hitzemate aunitz egon ziren; eta duintasun pixka bat eduki zutenek ezin izan zuten defraudatutakoen presioa jasan. Herrian ia denok ezagutzen dugu elkar, baina batzuek harritzen segitzen gaituzte.
Joan den irailaren 24an Lesakako historian inoiz ezagutu dugun espektakulu haundi eta lotsagarrienaren lekuko izan ginen. Urte guzian EA utziko zuela iragarri ondotik, abuztuan ere idatziz aurkeztu eta Diario de Navarra egunkarian egindako deklarazioetan ere hala adierazi ondotik, Carlos Ayala jaunak ez dakit zein udal talderekin ezadostasunak zituelako baja emateko aurkeztua zuen erabakian gibelera egin zuela erranez idatzi bat aurkeztu zuen.
Gurea bezalako herri batean ez da horrelako antzerki, iragarki eta prentsako erreportajerik behar politika egiteko.
Gobernu honek alkatetzarako 41.000 euro onartu zituen –atzera eraginezko izaeraz–, legealdirako 164.000 euro gehiago, lehenagoko 27 milioi pezeta. Horiek galdu aitzinetik, presioak, pertsekuzioak eta abar nola asmatuko dituzten ikusiko dugu. Baita zerbait okerragoa ere boterean segitzeko baldin bada. Bitartean, Lesakako herriaren oinarrizko beharrek bete gabe segituko dute, bertzeak bertze, gazteentzako Babes Ofizialeko Etxebizitzak. Baina berdin dio, Erdi Aroko Azoka bezalako ekitaldi folklorikoak izanen ditugu, eta Nafarroako Gobernuko Landa eta Ingurumen Departamentuaren baimenik gabeko zuhaitzen mozketak ere bai.
Juan Fermin Mitxelena - Lesakako EAJ-PNV