Lesakan EAko zinegotzi izaten segituko du Juan Carlos Ayalak

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 26a

Independiente izateko hasierako asmoari uko egin zion asteazkeneko batzarrean

Atzo aipatu genuenez, Juan Carlos Ayalak Lesakako Eusko Alkartasunako zinegotzi izateari uzteko eta independiente gisara segitzeko eskaria aurkeztua zuen Herriko Etxean. Honela, gaur egungo Udal Gobernu Batzordea gehiengorik gabe geldituko litzateke.

Asteazkeneko plenoko gai-ordenean sartua

Irailaren 24ko udal batzarreko gai-ordenean sartua zegoen Ayalaren eskari hori, baina azken orduan erabakian gibelera egin eta Eusko Alkartasunako zinegotzi bezala segituko duela jakinarazi zuen pleno horretan. Ayalaren hasierako asmoa komunikabideetara ailegatu zen eta horrek zer erran ugari ere sortua zuen. Izan ere, bere hasierako asmoa beteko balu udal gobernu batzordea gehiengorik gabe geldituko litzateke Lesakan, EAko zinegotzi bakarrrarekin eta Onineko laurekin. PNVk ere bortz zinegotzi ditu. Juan Carlos Ayalak prentsari adierazitakoaren arabera, EAko taldearekin ezadostasunak zituen joan den urtetik eta hori zen EAko zinegotzi kargua uzteko arrazoia.

«Bertze udal taldeekin arazoak eta EAren babesa»

Halere, irailaren 24ko plenoan aipatu zuenez, «Lesakako bertze udal taldeekin zituen arazoak» izan ziren errenuntzia aurkezteko arrazoia, baina herriko nahiz Nafarroako EAren babesa jaso du Herriko Etxean lanean segitzeko eta ardura horri eutsiko dio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun