Ortziral honetan, irailaren 26an hasiko dira Igantziko San Migel bestak. Ortziraleko ekitaldiak, larunbateko txupinazo ofizialaren aitzinetik, herriko gazteek antolatu dituzte. Honela, 17:30ean Trikipoteoa izanen da. 18:30ean Ginkana antolatu dute eta 23:00etan hasita Rock kontzertuak.
Larunbat eguerdian txupinazoa eta arratsaldean herri kirolak
Irailaren 27an, larunbatean, goizeko 10:00etan mus txapelketa jokatuko da. Ondotik toka izanen da jubilatuentzat. 10:30 Haurrentzat herri kirol erakustaldia izanen da eta 12:00etan San Migel besten hasiera ofiziala iragarriko duen altxeferoa botako da Herriko Etxe berritik. Segidan kalejira eginen da txaranga, kankailu eta buruhandiekin. 16:30 Haurrentzako pottokak izanen dira aparkalekuan. 18:30ean herri kirolak izanen dira, baina ez edonolako saioa. Izan ere, Euskal Herriko lasto altxatzaile txapelketa eta Nafarroako koxkor biltze txapelketa erabakiko dira. Bi txapelketetan herritarrek parte hartuko dute. Gero, arpana eta motozerraren artean desafioa jokatuko da. Gauerditik aitzinera dantzaldia izanen da RUBIS taldearekin eta tartean batukada ere Los Rubis perkusio taldearekin.
Igandean Ezkonduen Eguna
Irailaren 28an, igandean, Ezkonduen Eguna ospatuko dute Igantzin. 9:30ean kalejra eginen da gaiteroekin. 12:00 betizuak izanen dira Euskal Herriko errekortadoreekin Arratsaldeko 16:30ean Dantza Jazz saioa izanen da. 18:30ean profesionalen arteko pilota partida jokatuko da. 20:00etan dantzaldia izanen da TRIKIHOTS taldearekin. 21:00etan Muxikoak eta 22:00etan piroteknia erakustaldia izanen da. 23:30ean dantzaldia izanen da TRIKIHOTS taldearekin.
Astelehenean San Migel eguna
Irailaren 29an, astelehenean, San Migel Egun handia ospatuko dute Igantzin.
10:00etan Karrikan buelta eginen dute txistulari eta trikitilariekin. 11:00etan Meza Nagusia izanen da herriko abesbatzak kantatua. Ondotik herriko dantzariek bere saioa eskainiko dute. 18:00etan bertso-pilota partida jokatuko da eta arratsaldean eta gauean dantzaldia izanen da EGAN taldearekin.
Irailaren 30ean, asteartean, bestetako hondar egunean Haurren Eguna ere ospatuko dute Igantzin.
10:00etan karrika buelta eginen dute txistulari eta trikitilariekin. Goizez eta arratsaldez haurrendako puzgarriak izanen dira. Eguerdian betizuak izanen dira.
14:30ean herri bazkaria Sustrai Kolina eta Andoni Egaña bertsolariekin.
Arratsaldeko 17:30ean bonba japoniarrak botako dituzte.
18:30etik 20:30era Dantzaldia izanen da MODESTO akordeoilariarekin. 20:00etan asto lasterketa eginen da.
Gauerditik aitzinera, berriz ere dantzaldia izanen da MODESTO akordeoilariarekin eta bestak akautzeko galtza jario lasterketa eginen da.
Bestabusa ortziral eta larunbat arratsean eta goizaldean
Bortzirietako bertze herrietako bestetan izan den bezalaxe, asteburu honetan Igantziko San Migel bestak direla eta, bestabusa harat-honateak ibiliko da ortziral eta larunbat arratsean eta goizaldean bortz herrietan barna.
Lehenbiziko autobusa arratseko 20:35ean abiatuko da Beratik eta Agerran eta Toki-Onan hartuko du jendea; 21;00etan Lesakako suhiltzaileen parketik pasatuko da, 21;15ean Etxalarko Landaburutik eta 21:30ean ailegatuko da Igantziko errotondara. Hortik Arantzara joko du eta 21:45ean hartzen duen jendea 22:00etan utziko du Igantziko errotondan.
Bigarren autobusa gaueko 23:00etan abiatuko da Beratik eta Lesakatik eta Etxalartik pasatu ondotik, 23:45ean utziko du jendea Igantziko errotondan. Gauerdiko 12:00etan aranztarrak hartu eta ordu laurden beranduago utziko ditu Igantziko errotondan.
Itzulerako ordutegiei dagokienez, goizaldeko 3:30etan abiatu eta Arantzara joanen da autobusa. Autobus hori berriz ere 4:00etan izanen da errotondan eta Etxalar, Lesaka eta Berara itzulerako bidea eginen du.
Bigarren autobusa goizeko 6etan abiatuko da errotondatik Arantza aldera. Berriz ere 6:45ean errotondan izanen da Etxalar, Lesaka eta Berako jendea etxera eramateko.
Joan-etorriko autobusaren prezioa 3 eurokoa izanen da.