Euskal Herriko lasto altxatze txapelketa jokatuko da heldu den larunbatean, irailaren 27an, Igantzin, arratsaldeko 18:30etik aitzinera. Jakina denez, igantziarrak dira lasto altxatzeko modalitatea Nafarroan mantentzen dutenak eta aurten, hitzordurik garrantzitsuena, Euskal Herriko txapelketa, bertara ekartzea lortu dute. Lau igantziarrek izanen dute Euskal Herriko txapela janzteko aukera, Iñaki Bereauk, Xabi Seinek, Oskar Telletxeak eta Karlos Seinek. Bizkaiatik Koldo Murgiondo, Igotz Ardeo, Unai Ardeo, Joxe Lapazaran, Jon Lapazaran, Jose Mari Atutxa eta Jose Martin Bustinza “Tubi” etorriko dira; Gipuzkoatik Pello Argaia eta Patxi Ituarte; Lapurditik Estebe Hualde eta Andde Arbenoitz eta Arabarik Jose Lauzirika. 45 kiloko lasto fardoari, 2 minututan ahalik eta altxaldi gehien ematea izanen dute lana eta polea 7 metrotara jarria egonen da.
Nafarroako koxkor biltze txapelketa
Bertze aldetik, Nafarroako koxkor biltze txapelketa ere jokatuko da larunbat arratsaldean Igantzin. Gaur egungo Nafarroako eta Euskal Herriko txapelduna, Fernando Etxegarai beratarra izanen da faborito nagusia, baina Patxi Irazoki igantziarrak ere etxean jokatzen duela baliatu nahiko du. Etxalarko Andoni Lasagak eta Berriozarko Josu Jimenezek eta Iñaki Ekisoainek osatuko dute finaleko boskotea. Bi lerrotan eta bata bertzetik metro eta 25 zentimetroko distantzian egonen diren 50 koxkor bildu beharko dituzte finalean.
Herritarren arteko desafioa
Bi txapelketa hauetaz gain herritarren arteko desafio bat ere izanen da Igantzin, motozerra arpanaren kontra.