Astelehen honetan, irailaren 22an, ez ohiko udal batzarra egin zen Beran. Bertan, EA, EAJ eta Aralar udal taldeek “Euskal Herrian etengabekoak diren giza eskubideen kontrako urraketak” salatzeko mozioa aurkeztu zuten eta hiru talde horien aldeko eta ANVren abstentzioarekin onartu zen. Mozioaren arabera, giza eskubideen kontrako urraketa horien lekuko dira azken egunotan Gasteiz, Ondarroa eta Santoñan izan diren atentatuak, baita EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoak eta Amnistiaren Aldeko Mugimendua legez kanpo uztea.
Urraketa guzien kontra
Urraketa horien guztien kontrako jarrera irmoa azaldu du Berako udalbatzak onartutako mozio honen bidez, eta Euskal Herrian zein euskal herritarrek etengabe eskatzen duten bakea eta normalizazio politikoa lortzeko ahalegin berezia egin beharrean gaudela guziok azpimarratzen dute.
Zinegotzi guzien eskubideak errespetatu ditzatela
Alde horretatik, ETAri armak behin betirako utz ditzala eta euskal herritarren borondateari ez diezaiola entzungor egin eskatzen dio Berako udalak onartutako mozioak. Modu berean, Auzitegi Gorenak EAE-ANV eta EHAK legez kanpo uzteko hartutako erabakia guztiz deitoragarria dela iritzi dio mozioak, eta pertsona guztien zein talde guztien eskubide zibil eta politikoak errespetatu ditzala eskatzen du. Berako udalak hartutako akordioaren arabera, bi alderdi horiek beren botuekin lortua dute politikan jarduteko zilegitasun osoa. Azkenik, zinegotzi guztien eskubide guztiak errespetatuak eta bermatuak izan daitezen lan egiteko konpromisoa hartzen du Berako Udalak, mozio hau onartuta.