Birziklatzea helburu duen erakusketa ikusgai izanen da Bortzirietan

TTIPI TTAPA 2008ko ira. 22a, 16:26
Herriz herri ibiliko da birziklapenari buruzko erakusketa. TTIPI TTAPA

Etxalarko Kultur Etxean ikusgai dago dagoeneko eta Igantzi, Arantza, Lesaka eta Berara joanen da gero

Irailaren 22tik urriaren 10era arte, Bortzirietako Mankomunitateko biztanleek ikusi ahal izanen dute Bortzirietako herrietan Nafarroako Hiri Hondakinei Buruzko Erakusketa Ibiltaria. “Helburua: Birziklatzea” izeneko erakusketa hau Nafarroako Gobernuak eta Ecoembesek 2004an sinatutako laguntza akordioaren esparruan kokatu behar da. Gauzatzea Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroaren bitartez izan da Nafarroako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Mankomunitateen laguntzarekin. Bortzirietako Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitateak ekarri du Bortzirietara.

Erakusketa ibiltaria herriz herri

Zehazki, Etxalarko Kultur Etxean izanen da heldu den astelehenetik asteazkenera, 16:00etatik 19:30era. Igantziko eskolara joanen da gero, irailaren 25 eta 26an, eta eskolako orduetan ikusteko modua izanen da. Arantzako eskolan irailaren 29 eta 30ean izanen da, hemen ere eskola orduetan. Urrian sartutik, urriaren 1etik 6ra Lesakako Beti Gazte elkartean izanen da, 18:00etatik 20:00etara eta Berako Kultur Etxean izanen da erakusketa Bortzirietan ikusteko azken aukera, urriaren 7tik 10era, goizeko 9:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara.

17 taula

Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroak koordinatzen eta kudeatzen du 200x85 zmko 17 taula-zabalgarriez osatutako erakusketa hau. 2008. urtean zehar erakuskea hau ikusgai egonen da hondakinak kudeatzen dituzten Nafarroako Mankomunitate eta udaletan. Erakusketaren helburuak bi dira: Biztanleen ezagutza eta sentsibilizazioa indartzea Mankomunitate bakoitzean hondakinak jasotzeko dauden sistemen inguruan, eta biztanleen laguntza ezinbestekoa dela ongi funtzionatzeko azpimarratzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun