Ekitaldiz betetako asteburua izanen da Igantzin

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 19a

Larunbat arratsean dantza saioa eskainiko dute herriko dantzariek eta igande arratsaldean artzain zakur lehiaketa jokatuko da

Igantziko San Migel bestak irailaren 26tik irailaren 30era ospatuko badira ere, aste hondar honetarako ere hainbat ekitaldi antolatu dira, besten aurrerapen gisara.

Dantza saioa eta bertso-afaria larunbat arratsean

Honela, larunbatean, irailaren 20an, herriko haurren arteko pilota partidak jokatuko dira goizeko 10:00etatik aitzinera. 16:00etan Plater-Tiroketa izanen da Ziobin. 20:00etan herriko dantzariek emanaldia eskainiko dute eta 21:30ean bertso afaria izanen da Julen Zelaieta, Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariekin.

Artzai Zakur Lehiaketa igande arratsaldean

Irailaren 21ean, igandean, arratsaldeko 16:30ean Meakaundiko zelaian eginen den Artzai Zakur Lehiaketaren hogeita bederatzigarren edizioa izanen da ekitaldi nagusia, baina gehiago ere izanen dira. Honela, goizeko 10:00etan Karrikan buelta eginen da txistulari eta trikitilariekin. Eguerdiko 12:00etan, bosgarren edizioa beteko duen gazta lehiaketa jokatuko da. Aipatu bezala, 16:30ean, Igantziko Udalak eta Bertizko Partzuergo Turistikoak antolaturako Artzai Zakur lehiaketaren hogeita bederatzigarren edizioa eginen da Meakaundiko zelaian eta hau akautzean, 19:30ak aldera trikitilariekin sagardo besta eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun