Berako XIV. Dantzari Ttiki Eguna ospatuko da irailaren 20an

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 19a

Gure Txokoarekin batera Gipuzkoako hiru taldeko dantzariak ariko dira

Larunbat honetan, irailak 20, eginen da Berako Dantzari Ttiki Egunaren hamalaugarren edizioa. Urtero bezala, Gure Txokoa Elkarteak goizetik hasita ekitaldiak antolatu ditu, Berako Kultur Batzordearen laguntzaz. Gure Txokoako dantzariekin batera, Legazpiko Korosti dantza taldea, Zaldibiko Iztueta dantza taldea eta Ibarrako Alurr dantza taldea ariko dira Berako karriketan.

Ongietorria eta kalejira

Goizeko 10:30ean herri ezberdinetako dantza taldeak Jamotenean elkartuko dira, eta auzoz auzo dantzatzeko taldetan banatuko dira. 11:00etan kalejira eginen dute eta bidean gosaria ere edukiko dute. 12:45ean talde guztiak berriro Jamotenean bilduko dira eta elkarrekin Altzate aldera abiatuko dira. Eguraldi ona egiten badu, Altzateko Plazan herriko dantzariek Agurra eskainiko diote kanpoko haurrei eta segidan denek elkarrekin Agintariena dantzatuko dute. Ondotik, talde bakoitzak dantza bat eskainiko du. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, Ricardo Baroja ikastetxeko frontoian eginen dute dantza saioa.

Bazkalondoan jokoak

Dantzariak etxe desberdinetara joanen dira bazkaltzera eta arduradunek Jamotenean eginen dute otordua. Arratsaldean, 17:00etan elkartu eta ordu erdi beranduago haurrentzako jokoak izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun