Bortzirietako Haur Txokoa eskainiko da urriaren 1etik abenduaren 22ra

TTIPI TTAPA 2008ko ira. 18a, 17:21

Arantza, Etxalar eta Igantziko haurrek eta gurasoek izanen dute aukera

Haurrei denbora libre jostagarria eta gurasoei mesede eskaintzeko helburuarekin Bortzirietako Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Euskara Mankomunitateak Haur Txokoa antolatu dute. Zehazki, urriaren 1etik abenduaren 22ra arte eskainiko da zerbitzu hau Igantzin, Arantzan eta Etxalarren. Horretarako, izen ematea heldu den astean, irailaren 22tik 26ra egin behar da, horretarako Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateko 948 635 036 telefonora goizeko 9:00etatik 12:30era deituz edo ssblesaka@infolocal.org helbidera idatzita. Kuota 20 eurokoa izanen da eta anai-arreba bakoitzeko 10 euro gehiago ordaindu beharko da. Antolatzaileek plaza mugatuak direla oroitarazi nahi izan dute, baita ekintza guziak Bortzirietako Jendarte Zerbitzuen Mankomunitateak kontratatutako Dindaia Fundazioko pertsonal adituak zuzentzen dituela ere.

Igantzi, Arantza eta Etxalarren

Igantzin astelehenetan 16:30etik 18:00etara eta asteazkenetan, 14:30etik 16:00etara izanen da Haur Txokoa; Arantzan astearte eta ortziraletan 16:00etatik 17:30era eta Etxalarren asteazkenetan 14:30etik 16:00etara eta ortzegunetan 16:30etik 18:00etara.

Zer da Haur Txokoa

Haur Txokoa haurrek beren denbora librean kulturarekin eta harreman afektiboekin jostatzen eta gozatzen ikasteko gune bat da, solidaritatean eta berdintasunean oinarritzen dena. Bidenabar, zerbitzu honen bitartez, gurasoei aukera bat ematen zaie seme-alaben heziketa bateratu ahal izateko euren lanarekin edota denbora librearekin. Bortzirietako Haur Txokoan kooedukazioan ikasteko eta elkartzeko gune bat izan nahi du, eta bertan parte hartuko dutenak, balore solidarioak praktikan jartzeaz gainera, errespetuaren eta elkar laguntzaren garrantziaz gogoeta egitera bultzatu nahi ditu. Beraz, gurasoek nahiz seme-alabek denbora librea probexteko aukera izanen dute Bortzirietako hiru herri ttikienetan, Haur Txokoaren bidez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun