Nafarroako eta Espainiako Skeet Olinpiko txapelketak irabazi ditu Itsaso Fagoaga lesakarrak

ttipi-ttapa 2008ko irailaren 18a

Nafarroakoan, gizasemeak ere kontuan hartuta, bigarren izan zen Antonio Javier aitaren ondotik

Itsaso Fagoaga, 18 urteko gazte lesakarrak Nafarroako eta Espainiako Skeet Olinpiko txapelketak irabazi ditu berriki. Zehazki, abuztuaren 24an Elizondon jokatu zen Nafarroako txapelketaren finala eta Itsaso izan zen emakumeen artean txapeldun. 50 plateretatik 45 haustea lortu zuen.

Orokorrean bigarren, aitaren ondotik

Gainera, sailkapen orokorrean, gizasemeak eta guzi kontuan hartuta, bigarren izan zen. Aipatzekoa da sailkapen orokorrean txapeldun Itsasoren aita, Antonio Javier Fagoaga izan zela. Beraz, aita txapeldun eta alaba azpitxapeldun izan ziren Nafarroako Skeet Olinpiko txapelketan.

Espainiakoan ere txapeldun

Nafarroakoaren ondoitk, Espainiako txapelketa jokatu da joan den asteburuan, irailaren 13 eta 14an, Madrilgo Cantoblancon. Espainiako txapelketan ere, emakumezkoen artean txapeldun izan zen Itsaso Fagoaga, bigarren sailkatuari bederatzi platereko aldea ateriz gainera. Kontuan hartu behar da tiratzeko nahiko baldintxa kaxkarrak izan zirela, haizea baitzebilen eta tiro-eremua bera ere ez baitzen sobera egokia. Halere, Itsasok bere mailari eustea lortu zuen eta bere arerioek beheiti egin zuten. Sailkapen orokorrean, gizasemeak eta guzi kontuan haratuta, hamabigarren postuan sailkatu zen Itsaso Fagoaga. Antonio Javier Fagoaga aita, berriz, bederatzigarren izan zen sailkapen orokorrean eta hirugarren, hirugarren kategorian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun