Irailaren 12an, ortziral arratsean jokatu zen Lesakako Irain eskolako pilotalekuan Lesakako Gazte Asanbladak bigarren urtez antolatutako futbito txapelketaren finala. Gazteak elkartuz giroa sortzea helburu duen aurtengo txapelketa honetan bederatzi taldek hartu dute parte: Ilargorri hotzak tuperrin, Presoak Etxera, Zakur eztula, Ez erran inorreri, Ziharka X eta Ziharka Y, Erretiradi, Edozein eta Arikutza United. Taldeak bi multzotan banatu ziren eta multzo bakoitzeko bi lehenbizikoak sailkatu ziren finalerdietarako. Finalerako, berriz, iazko protagonista berberak sailkatu ziren: Erretiradi, iazko txapeldunak eta Ziharka Y.
Iazko finalista berak
Erretiradi taldean Orujo, Saralegi, Pika, Urtzi, Maritxa, Txuba, Zirilo, Xarobe, German eta Leku aritu ziren. Ziharka Y taldean, berriz, Mattin, Antojene, Juantxin, Oier, Otxoteko, Etxabide, Alberro, Abaxkene eta Caballero. Epaile lanak, Endika Mendegiak egin zituen.
Final berdindua
Partida ezin hobeki hasi zen iazko txapeldunentzat, Erretiradi taldekoentzat. Ziharkakoek oraindik lekua hartu gabe zeudela aprobetxatuz, di-da batean 3 eta 0 aitzindu ziren eta bazirudien berriz ere txapela arazorik gabe irabaziko zutela. Baina ez zen halakorik gertatu. Jokuan sartu zirenean, ederki aritu ziren Ziharkoak eta bi gol eginez, 3 eta 2 hurbildu ziren. Berdinketaren gola hurbilen zirudienean, laugarrena egin zuten laranjaz jantzita zeuden Erretiradikoek. Atsedenaldira ailegatu baino lehen, bertze gol bat sartzea lortu zuten Ziharkakoek. Beraz, 4 eta 3ko markagailuarekin hartu zuten atseden bi taldeek.
Lehenbiziko zatia mugitua eta polita izan bazen, bigarren zatian, horretaz gain, emozio handia ere izan zen. Hasteko, Ziharkakoek, irabazteko aukera zutela ikusi zuten eta indartsu atera ziren. Honela, bi gol egin eta lehen aldiz markagailuan aitzinetik paratu ziren, 4 eta 5. Hortik aitzinera alde batera eta bertzerako partida ederra ikusi zen, jokaldiz eta aukerez betea. Bosna berdindu zuen Erretiradik, berriz ere 5 eta 6 aintzindu Ziharkakoak eta partida akautzeko minutu eskas falta zenean, seina berdintzea lortu zuten Erretiradikoek.
Luzapenean Erretiradi nagusi
Gauzak honela, bortz minutuko bi zati zuen luzapenean edo penaltietan erabaki behar zen aurtengo finala. Baina ez zen penaltien beharrik izan. Ordura arteko oreka eta parekotasuna hautsi zuen Erretiradik luzapeneko lehen zatian, hiru gol bata bertzearen segidan sartuz. 9 eta 6koarekin kasik denak erabakia ematen zuen, eta halaxe gertatu zen. Ziharkakoek beheiti egin zuten eta luzapenaren bigarren zatian gol bakarra ikusi zen eta hura Erretiradikoek sartua. Beraz, azken emaitza 10 eta 6 izan zen Erretiradiren alde. Beraz, iaz bezala, Erretiradik hartu zuen txapeldunaren kopa. German Deskargak hartu zuen Gazte Asanbladako kideen eskutik. Azpitxapeldun, aurte ere, Ziharka izan da eta Xabi Maritxalarrek hartu zuen kopa. Iaz bezalaxe, golegile onena Erretiradiko Beñat Maia Orujo izan zen eta honek ere eskuratu zuen bere saria. Azkenean denak kontent, garaikurrez gain, finalean aritutako bi taldeek afaria izan baitzuten saritzat Bittiriako bestetan.