Beti Gazteko neskak nagusitu ziren III. Begibana txapelketan

Aitor AROTZENA 2008ko irailaren 16a

Beti Gazteko taldea bigarren izan zen proba konbinatua eta lehena sokatiran. TTIPI TTAPA

Lesakarrekin batera, Gasteizko Badaiotz eta Oiartzungo Giriziakoak aritu ziren

Irailaren 13an, larunbat eguerdian jokatu zen Lesakako Bittiriako besten barrenean Emakumezkoen hirugarren Begibana txapelketa. Izenak dioen bezala, Lesakako Beti Gazteko neskekin batera, Oiartzungo Girizia, Gasteizko Badaiotz eta Sakanako neskak aritzen dira proba konbinatua eta sokatira biltzen dituen txapelketa honetan, baina aurten Sakanako neskak agertu ez zirenez, Begiba txapelketa izan zela erraten ahal da. Lehenbiziko edizioa Oiartzunen jokatu zen eta azken biak, Lesakan, Bittiriko besten barrenean.

Proba konbinatuan Badaiotz onena

Hasteko, koxkor biltzea, txinga eramatea, zakulari lasterketa eta korrika biltzen dituen proba konbinatuan aritu ziren hiru taldeak. Beti Gazterekin, Sonia Lizardi aranztarra, Idoia Maritxalar eta Ainhoa Altzugarai aritu ziren koxkor biltzen, Estitxu Almandoz txinga eramaten, Karmele Pikabea, Maider Goizueta eta Nerea Maia zakulari lasterketan eta Arantxa Feito korrika. Guzira hiru itzuli egin behar zituzten kirolari guziek. Hasiera nahiko berdindua izan zen eta koxkor biltzen lehen itzulia Beti Gaztekoek aitzinetik egin zuten, baina pixkanaka-pixkanaka lehen postuan nabarmentzen hasi zen Gasteizko Badaiotz taldea. Probek aitzinera egiten zuten neurrian, bigarren eta hirugarren postuak ere zehazten joan ziren, Beti Gazte eta Giriziarentzat. Kirolariek lan bikaina egin zuten eta ikusleen txalo zaparradak animatu zituen bere eginahalean. Azkenean, Gasteizko Badaiotz izan zen proba konbinatuan lehena, 10 minutu eta 52 segunduko denborarekin; bigarren postua Beti Gazterentzat izan zen, 19 segundura,, beraz 11 minutu eta 11 segundutan eta Oiartzungo Giriziak oraindik 23 segundu gehiago behar izan zituen, 11 minutu eta 34 segundu denera. Kirolariek merezitako txalo-xorta jaso zuten.

Mutilen arteko arpana desafioa

Segidan, sokatirarako gomak prestatzen zituzten bitartean, arpana apostu polita eskaini zuten. Alde batetik, txapelketetan arituak eta Nafarroako bigarren mailako txapeldun diren diren Iñaki Portu lesakarra eta Julen Txoperena igantziarra aritu ziren eta bertzetik, maila apalagoan aritzen diren Dani Lukanbio aranztarra eta Landetxan sortu, baina aspaldian Lesakan bizi den Txutxi Arruti bertzetik. Lana ere ezberdina zuten: Portuk eta Txoperenak 9 korte eman behar izan zuten eta Danik eta Txutxik 6. Bi bikoteek lan polita eta txukuna egin zuten, korte dotoreekin. Azkenean, segundu eskaxeko tartearekin izan bazen ere, Txutxik eta Danik lehenago akautu zuten lana. Lau kirolariek txalo zaparrada ederra jaso zuten.

Sokatiran Beti Gazte garaile

Segidan, emakumeen sokatira saioaren txanda ailegatu zen. Neskak lanean hasi baino lehen, Mañukorta eta Xabi Terreros bertsolariek bizpahiru bertso bota zituzten. Sokatiran erabakiorra izan zen goma. Alde batean tiratu edo bertzean tiratu alde nabarmena izan zen eta horren erakusgarria da, ostatu aldera tiratu zuten talde guziek irabazi zituztela tiraldiak eta frontis aldera tiratu zutenek, aldiz, galdu. Beraz, desenpaterako zozketak erabakiorrak izan ziren. Beti Gazteko taldearekin Idoia Maritxalar, Izaskun Igoa, Karmele Pikabea, Ainhoa Altzugarai, Sonia Lizardi, Nerea Maia, Arantxa Feito eta Maider Goizueta aritu ziren, Anttonio Mujikaren agindupean. Gauzak honela, Badaiotz eta Beti Gazteren arteko lehenbiziko tiraldia gasteiztarrek irabazi zuten, baina bigarrena Beti Gaztek. Kitarako zozketan, ostatu aldera tiratzea egokitu zitzaien lesakarrei eta bigarren tiraldi hori ere irabazi egin zuten etxekoek. Kontuan hartu behar da Badaiotz Munduko txapelduna ere badela sokatiran eta horregatik zazpi tiralariekin tiratu zuen, Beti Gaztek eta Giriziak baino bat guttiagorekin. Halere, Lopez esatariak txantxetan zioen moduan, Badaiotz Munduko txapelduna izanik eta Beti Gaztekoek hauei irabazita, lesakarrak dira Munduko txapeldun berriak. Neskek ez ezik, ikusleek ere gustora hartu zuten titulu berria. Segidan Badaiotz eta Giriziaren arteko tiraldiak izan ziren. Hemen ere, tiraldi bana irabazi ondotik, gasteiztarrei egokitu zitzaien ostatu aldera tiratzea eta beraientzat izan zen bigarren tiraldia. Beraz, Beti Gazte eta Giriziaren arteko tiraldian erabakitzekoa zen aurtengo txapelduna. Espero bezala, tiraldi bana irabazi zuten eta desenpaterako zozketan, ostatu aldera tiratzea suertatu zitzaien lesakarrei eta honela, bigarren tiraldia ere irabaztea lortu zuten. Honela, lehen aldiz Begibana txapelketa irabaztea lortu zuten Beti Gazteko neskek. Proben ondotik sari banaketa egin zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun