Joxe Mari Goia izan zen azkarrena Igantziko XVIII. Mendi Bizikleta Ibilaldian

Aitor AROTZENA 2008ko irailaren 15a

Joxe Mari Goia igantziarra, herriko mendi bizikleta ibilaldia abiatu baino lehen. TTIPI TTAPA

52 txirrindularik parte hartu zuten proba nagusian eta 15 haurrek ttikian

Igantziko Mendi Bizikleta ibilaldiaren hemezortzigarren edizioa egin zen igande goizean, irailaren 14an. Igantziko Biltoki elkarteak antolatutako ibilaldi ez konpetitiboa goizeko 10:00etan abiatu zen eta beharbada, larunbat arratseko eta igande goizaldeko eguraldi euritsuak zenbait partehartzaile kendu zizkion. Halere, 52 txirrindulari elkartu ziren irteera puntuan.

23 kilometroko ibilbidea

Proba honek 23 kilometroko ibilbidea izan zuen: Igantziko plazatik abiatuta, herrian barna itzulixka bat egin zuten eta hor ikusi genuen, kadete mailako Nafarroako txapeldunari, Aitor Begino igantziarrari sailkapen buruan. Segidan, herriko bertze txirrindulari beteranoa, Ciclos Iñaki taldeko Joxe Mari Goia pasatu zen. Jakina, proba ez konpetitiboa izan arren, konpetizioan ibiltzen diren txirrindulariek elkar neurtzeko baliagarriak izaten dira Igantzikoa bezalako probak. Hasierako itzuli horretan buruan pasatu zirenekin batera, Beñat Txoperena, junior mailan mendi bizikletan Nafarroako txapeldun eta errepidean Caja Rural taldean ari den igantziarra ere ikusi genuen, baita jautsieretan Nafarroako, Euskal Herriko eta Espainiako txapeldun izan den Xabi Telletxea edo urtetan mendi bizikletan eta ziklokrosean aritutako Juan Carlos Garro ikusi genituen Igantzin, maila apalagoa bertze hainbat txirrindulazalerekin batera. Guziak Igantzitik Allineko Bordara igo ziren eta hortik Berrizaunera jautsi; Usteitola eta Alorretan barna Pagolako egiara igo ondotik, Mendibil barna San Juan Xarrera jautsi ziren; berriz ere goitirako bidea hartu zuten Albizen barna Belagorotzetara igotzeko eta azken bortz kilometroak maldan beheiti izan zituzten, Zanbudion Borda eta Simonbaitan barna, berriz ere Igantziko plazara jausteko. Helmugan, nahiz eta sailkapen ofizialik ez egin Joxe Mari Goia izan zen lehena. Bigarren postua bertze igantziar batek lortu zuen, Biltokiko Aitor Almandozek eta hirugarrena Joxe Mari Goiaren taldekide batek eskuratu zuen, Urko Munduatek.

Ttikienak ere

Helduek ibilbide luzea egiten zuten bitartean, ttikienek ere mendi bizikletarako afizioa zutela erakutsi zuten, herrian barna egindako ibilbidean. 15 neska-mutiko atera ziren eta ibilbide guzia asfaltatua zenez, ez zuten lohi handirik hartu. Hauek ere ez zuten konpetiziorik, baina jakina, irabazteko gogoa bai. Halere, gurasoek eta ikusleek txaloz berdin-berdin saritu zituzten lehenbiziko sailkatutakoa eta azkenekoa. Txaloez gain, bertzelako sariak ere eman zizkieten antolatzaileek neska-mutikoei.

LESAKAKO MENDI BIZIKLETA IBILALDIA IRAILAREN 21EAN

Igantzikoaren ondotik, heldu den igande honetan, irailaren 21ean, Beti Gaztek antolatutako Lesakako mendi bizikleta ibilaldia eginen da. Parte-hartzaileek bi ibilbide izanen dituzte aukeran, 25 eta 36 kilometrokoak. Luzeenean, 70 metroko altueran dagoen Lesakako plazatik abiatuta, Txakainen barna 400 metroko altueran dagoen Sastrinera igoko dira, handik 800 metrora dagoen Errengara igoko dira. Ikatzulora jautsi ondotik, Agiñara igoko dira eta Gardelko bagoetatik eta Nabaz barna, berriz ere plazara jautsiko dira. Ibilbide laburra aukeratzen dutenek, Zumarrara ailegatzen direnean, Ikatzulora zuzenean joko dute, Errengako igoera alde batera utzita eta hortik aitzinera, luzearen ibilbide bera izanen dute.
Irteera goizeko 10:00etan izanen da eta 8:00etatik 9:30era izen emateko modua izanen da. 10 euro ordaindu beharko dute partehartzaileek eta Beti Gazteko bazkideek 8 euro. Antolatzaileek aipatu dutenez, proba ez da lehiakorra izanen eta jan-edatekoak izanen dira ibilbidean eta pintxoak proba akautzean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun