Alkaiagako asfalto lantegiari alegazioak jartzeko epea zabalik

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 15a

Irailaren 25era arte egiten ahal dira udal bulegoetan

Excavaciones Orsa S.L. lantegiak Alkaiaga auzoan egin gogo duen asfalto lantegiak kaltetutakoek irailaren 25a arte izanen dute alegazioak aurkezteko epea. Proiektu honek Alkaiagako eta Berako Agerra auzoko bizilagunen kezka eta haserrea piztu zuen eta orain, Onin eta EAko udal taldeek ere «arront kontrako jarrera» dutela adierazi du Deñe Abuin zinegotziak. Lantegia etxebizitzetatik hurbil gelditzen dela eta bizilagunei laguntza eskaintzea da honen arrazoi nagusia, baina gehiago ere badira. Lurren jabegoaren afera ahantzi gabe, «lizentzia Juan Fermin Mitxelenak eman zuen, jarduerako alkate zenean, hauteskundeen ondotik udal berria osatu baino lehen eta ez zaigu egokia iruditzen», Abuinen erranetan. Gainera, lizentzia hori lantegia lekuz aldatzeko eman zen eta orain, «tresneria guzia aldatu eta produkzioa bikoiztuko duen lantegi berria paratu nahi dute». Alkaiagarrek ez ezik proiektuarekin kezkatua dagoen edonork aurkez ditzake alegazioak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun