Larunbat honetan, irailak 20, eginen da Dantzari Ttiki Egunaren XIV. edizioa. Urtero bezala, Gure Txokoa Elkarteak goizetik hasita ekitaldiak antolatu ditu.
10:30ean herri ezberdinetako dantza taldeak Jamotenean elkartuko dira, eta auzoz auzo dantzatzeko taldetan banatuko dira. 11:00etan kalejira eginen dute eta bidean gosaria ere edukiko dute. 12:45ean talde guztiak berriro Jamotenean bilduko dira eta elkarrekin Altzate aldera abiatuko dira. Eguraldi ona egiten badu, Altzateko Plazan herriko dantzariek Agurra eskainiko diote kanpoko haurrei eta segidan denek elkarrekin Agintariena dantzatuko dute. Ondotik, talde bakoitzak dantza bat eskainiko du. Eguraldi txarra egiten badu, berriz, Ricardo Baroja ikastetxeko frontoian eginen dute dantza saioa.
Dantzariak etxe desberdinetara joanen dira bazkaltzera eta arduradunek Jamotenean eginen dute otordua. Arratsaldean, 17:00etan elkartu eta ordu erdi beranduago haurrentzako jokoak izanen dituzte.