Igantziko XVIII. Mendi Bizikleta ibilaldia igande goizean eginen da

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 12a

23 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek

Igantziko Mendi Bizikleta ibilaldiaren hemezortzigarren edizioa eginen da igande honetan, irailaren 14an. Igantziko Biltoki elkarteak antolatutako ibilaldi ez konpetitiboa goizeko 10:00etan abiatuko da eta izen ematea proba hasi baino ordu erdi lehenago bukatuko da. Izena emateakoan 10 euro ordaindu beharko da, baina 16 urte bitartekoak doan parte hartzeko aukera izanen dute.

23 kilometro

Proba honek 23 kilometroko ibilbidea izanen du: Igantziko plazatik abiatuta, Allineko Bordara igoko dira eta hortik Berrizaunera jautsi; Usteitola eta Alorretan barna Pagolako egiara igo ondotik, Mendibil barna San Juan Xarrera jautsiko dira; berriz ere goirieako bidea hartuko dute, Albizen barna Belagorotzetara igotzeko eta azken bortz kilometroak maldan beheiti izanen dituzte, Zanbudion Borda eta Simonbaitan barna, berriz ere Igantziko plazara jautsiko baitira.

Kaskoa nahitaezkoa

Dena den, Igantziko Biltokitik jakinarazi dutenez, ibilbide laburragoa ere izanen da, nahi duenarentzat. Modu berean, antolatzaileek kaskoa nahitaezkoa dela eta gerta daitezkeen istripuen erantzunkizunik ez dutela bere gain hartzen jakinarazi dute.
Proba bukatutakoan hameketakoa emanen zaie txirrindulariei eta sariak zozketatuko dira partehartzaileen artean. Dutxak eta bizikletak garbitzeko tresnak ere izanen dira, behar dituenarentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun