Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren ekimenez, norbere enpresa sortu eta bideragarria izan dadin laguntzeko tailerrak emanen ditu Cederna-Garalur-Elkarteak. Hiru ikastaro emanen dira, independenteak, eta doanekoak izanen dira, Nafarroako Gobernuko Enplegu Zerbitzuak finantzatuak. Enpresa munduan interesa duen edozeinentzat irekiak dira eta Cederna-Garalur Elkarteak Lesakako Alkaiaga auzoan duen egoitzan emanen dira, Amaia Pando eta Beatriz Chagoyenen eskutik.
‘Zure enpresa sortu nahi duzu?’
Izen horixe du lehen tailerrak. Bi zatitan banatu dute: Lehenengo pausua negozio ideia sortzea edo zehaztea da. Horretarako sormena landuko da, alde batetik, tekniken ezagutza eta bertzetik, inguruko egoera sozio-ekonomikoaren eta lan merkatuaren ezagutza. Bigarren pausua, behin ideia zehaztuta, negozio bat martxan jartzeko eta arrakasta izateko behar diren gaitasunak lantzean datza. Negozio-ideia bilatzen lagunduko dute lehen fasea 12 orduko ikastaroa izanen da eta urriaren 7tik 9ra eskainiko da, 9:30etik 13:30era. Bigarren zatian, proiektu berri bat ekiteko gaitasun pertsonalak landuko dira. 16 orduko ikastaroa izanen da, eta urriaren 13tik 16ra emanen da, 9:30etik 13:00etara. Ikastaro honetarako izen ematea urriaren 3a baino lehen egin behar da 948 625122 telefono zenbakira deituta eta Begoña Iparragirrerekin solastuta.
‘Ongi ezagutzen al duzu abian jarri nahi duzun enpresa?’
Lelo horrekin eskainiko da bigarren tailerra. Honetan enpresa bideragarria izateko zer hartu behar den kontuan azalduko dute. Material gida, hastapenean izaten diren ohiko akatsen gida eta finantza munduko gida bat erabiliko dira. Ikastaro hau urriaren 23an, 24an, 30ean eta 31n emanen da, 14 orduz. 9:30etik 13:00etara izanen da. Izen ematea urriaren 20a baino lehen egin behar da.
‘Negozio ttikiaren kudeaketa’
Enpresa abian jarri duten edo laster abiatuko dutenei bideratua dago ‘Negozio Ttikiaren kudeaketa’ hirugarren tailerra. Negozioaren kontabilitatea informatikako programa batekin nola eraman daitekeen erakutsiko dute. Ikastaro hau aitzinekoaren egun berdinetan emanen da, urriaren 23, 24, 30 eta 31n, baina arratsaldez: ordubietatik 4etara. Guztira zortzi orduko iraupena izanen du. Izen ematea ere urriaren 20a baino lehen egin behar da 948 625122 telefonoan.