Ertz jaialdiak bertzelako musikak ekarriko ditu aste hondarrean

Utzitako argazkiak 2008ko irailaren 12a

Larunbat arratseko kontzertuan Erresuma Batuko AMMk hartuko du parte. TTIPI TTAPA

Bederatzigarren edizio honetan Donostian eta Hazparnen ere emanaldiak izanen dira

Asteburu honetan abiatuko da bederatzigarren Nazioarteko bertze musiken Ertz jaialdia, «garrantzirik ematen ez zaion bertze musika»ren jaialdia, alegia. Jaialdia Beran hasi bazen ere, aurten hirugarrenez Donostiako Arteleku arte garaikideko zentruan ere hainbat emanaldi eskainiko dira, eta edizio honetan estreinakoz, Hazparneko Ttattola gaztetxean ere bai. Inprobisazioa bultzatu nahian, izaera eta jatorri ezberdinetako artistak gonbidatu dituzte bertze urte batez: Erresuma Batua, Frantzia, Euskal Herria...

Larunbat eta igandean, musika eta zinema

Larunbatean, irailaren 13an emanen zaio hasiera: Berako Kultur Etxean AMM, Charles Hayward, XEDH eta Stéphane Garin & Sylvestre Gobartek kontzertua eskainiko dute 20:00etatik aitzinera. Biharamunean, hilak 14, kontzertuak ez ezik film bat ere izanen da ikusgai, 17:00etan hasita. Hala, Jean-Luc Guionnet, Ennio Como Violeta (Tanto monta monta tanto) eta Bizarra (Bera eta Elgoibarko bikotea) taldeen kontzertuen tartean “Sonar Ciudades” filma ikusteko modua izanen da. Irailaren 15ean, 16an eta 18an Donostiako Artelekuk hartuko du Ertz jaialdiaren lekukoa eta 20an Hazparneren txanda izanen da.

Inprobisazioa

Beraz, bederatzigarren urtez segidan, bertze musikek, sailkapenetatik ihes egin baino hauei garrantzirik ematen ez dieten musika horiek, berezko lekua izanen dute ERTZ jaialdian. Beti bezala belaunaldi, jatorri eta izaera aski desberdineko artistak bilduz, aurtengo egitarauak inprobisazioa dauka ezaugarri nagusia. Inprobisazioa, ez soilik adierazpide estetiko edo artistiko modura, baizik lan metodo baliagarri eta beharrezko modura azpimarratzea da aurten jaialdia egiten dutenen helburua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun