Asteburu honetan ospatuko dira Bittiriako bestak

TTIPI TTAPA 2008ko irailaren 11

Ortziral arratsean kontzertua eskainiko dute Borrokan eta Disturbio taldeek

Azken urteetako ohiturari zintzo eutsiz, iraileko bigarren aste hondarrerako besta egitarau polita plantatu dute aurten ere Lesakako Bittiria auzoan. Txupinazoa ortziralean, irailaren 12an, 21:00etan botako dute, baina ordubete lehenago bi txapelketa jokatuko dira: patata tortilla txapelketa eta Bittiria auzoko I. trikitixa txapelketa. Txupinazoaren ondotik, kalejira eginen da eta 21:30ean Txootx!! berendu-afaria eginen da, txapelketako patata tortillak aprobetxatuz. 23:00etan rock kontzertua eskainiko dute Borrokan eta Disturbio taldeek.

III. Begibana txapelketa larunbatean

Larunbatean, irailaren 13an, 10:00etan diana izanen da txistulariekin. 12:00etan herri kirolak izanen dira, nesken arteko III. Begibana txapelketa, hain zuzen. Izenak laburbiltzen duen bezala, herriko Beti Gazteko neskekin batera, Oiartzungo Girizia, Gasteizko Badaiotz eta Sakanako neskak ariko dira koxkorrak, zaku lasterketa, txingak eta korrika biltzen dituen proba konbinatuan eta sokatiran. 14:30ean auzo bazkaria izanen da eta hori animatzen, azken urteotan huts egiten ez duen Mañukortarekin batera, Amets Arzallus eta Xabi Terreros bertsolariak ariko dira. Trikitilariak ere ariko dira bazkaria girotzen. 19:30ean berbena hasiko da Gaubela taldearekin. Aipatzekoa da egun osoan txaranga ere ibiliko dela.

Haur jokoak eta krosa igande goizean

Igandean, irailaren 14an, izanen dira azken ospakizunak. 11:00etan haur jokoak izanen dira Eltzeta plazan eta leku berean, ordubete beranduago kros herrikoia. 17:30ean Maite Franco ipuin kontalaria izanen da Bittiriako plazan eta bestak akautzeko, 18:30ean trikitixa jaialdia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun