Excavaciones Orsa, S.L. lantegiak Alkaiaga auzoan egin gogo duen asfalto lantegiak kaltetutakoek irailaren 25a bitarte izanen dute alegazioak aurkezteko epea Lesakako Herriko Etxeko udal bulegoetan. Proiektu honek Alkaiagako eta Berako Agerra auzoko bizilagunen kezka eta haserrea piztu zuen eta maiatzaren 31n agerraldia egin zuten, Brea laberik ez! Lemapean.
Onin eta EA, proiektuaren kontra
Orain, Onin eta EAko udal taldeek ere «arront kontrako jarrera» dutela adierazi du Deñe Abuin zinegotziak. Lantegia etxebizitzetatik hurbil gelditzen dela eta bizilagunei laguntza eskaintzea da honen arrazoi nagusia, baina gehiago ere badira. Lurren jabegoaren afera ahantzi gabe, «lizentzia Juan Fermin Mitxelenak eman zuen, jarduerako alkate zenean, azken udal hauteskundeen ondotik udal berria osatu baino lehen eta ez zaigu egokia iruditzen», Abuinen erranetan. Gainera, lizentzia hori lantegia lekuz aldatzeko eman zen, gaur egun duten tresneria mantenduz eta orain, «tresneria guzia aldatu eta produkzioa bikoiztuko duen lantegi berria paratu nahi dute».
Alkaiagarrek ez ezik proiektuarekin kezkatua dagoen edonork aurkezten ahal ditu alegazioak. Nafarroako Aldizkarian irailaren 8an argitaratu zen Orsa lantegiaren egitasmoa eta orain, irailaren 25era arte izanen da horretarako epea.