N-121A errepidean egiten ari diren obrak direla eta, Endarlatsa eta Berrizaun inguruetan errepide mozketak izaten dira noiznahi. Aste honetan, horietaz gain, Berako bizilagunek ere somatuko dute obren eragina. Izan ere, Alkaiagako tutelaren inguruan dauden bi zubietako juntak moldatzen ari dira eta astelehenetik ortzegunera, irailaren 8tik 11ra, goizeko 8etatik arratsaldeko 7etara, Irun aldera doan trafikoa Berako herrigunetik desbideratzen du. Irudietan ageri den bezala, horrek trafiko ilara handiak eta eragozpenak sortzen ditu Beran eta saihesbidea egin baino lehenagoko garaiak gogorarazten ditu. Hori bai, orduan baino oraindik trafiko gehiagorekin. Asteazkenetik ortzegunerako gauean ere, irailaren 10etik 11rako gauean, itxia egonen da Irunerako norabidea eta Beratik sartu beharko dira ibilgailuak.
Mozketak Berrizaun eta Endarlatsan
Bertzalde, oroitarazi aste honetan, egunero, irailaren 8tik 12ra, ordubeteko mozketak egiten ari dira Igantziko Benten inguruan, eguerdiko 12:00etatik 1etara bitartean.
Endarlatsa inguruan, errepidea erabat moztuko da ortzegunean, hilak 11, eta ortziralean, hilak 12. Egun horietan bi orduz itxiko dute errepidea, eguerdiko 12:00etatik ordubietara.
Txandakako pasabidea
Egunero bezala, astelehenetik ortziralera, bertze hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da, batzuetan seinaleen bidez eta bertzeetan semaforoen bidez, errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.