(…) Joan zen uda eta heldu da negua (…). Hala dio kanta bateko zati batek. Oraindik urtaroa berez ez da akautu eta neguari ongi etorria egiteko puska gelditzen da. Nolanahi ere, abuztua joan da eta aurtengo ikasturteari ekiteko prest dira eskolako maisu eta ikasleak. Guk, halere, ikasturtearen eta joan den hilabetean Udaletik jasotako informazioaren berri hurrengoan emanen dugu, eta pasa den hilabeteko kontuak hartuko ditugu, bertzeak bertze, Amabirjin bestak eta Arantza Rock. Ale honetan, hitzekin luzatu beharrean, irudiek erran nahi dutena adierazgarria izatea espero dugu. Argazki guztiak ezinezkoa da jartzea. Amabirjin bestetako batzuk aukeratu ditugu, ongi probextu ditugulako besta egunak: antolaketa ona eta egitarau aberatsa izan dira, berrikuntzak tarteko.
Txupinazoa Ekaitza Elkarteak
Jende multzo bat plazan zela, Ekaitza Elkarteko presidentea den Dabit Iturriak elkartearen izenean txupinazoa bota zuen, gure artean ez daudenak oroituz. Brindisa, luntxa eta dantzak izan ziren bezperan, tortilla lehiaketaren ondoren.
Dantza saioak
Amabirjin Egunean dantza saioa izan zen. Horrez gain, bezperan ttikien taldeak eta biharamunean helduenek saioak egin zituzten.
Berrikuntza andana
Hainbat berrikuntza izan dira aurten, eta horrela, egunez eta gauez egitarauak beteak izan dira: herri eta haurren bazkariak, bingoa eta dantza lehiaketa, herri kirol saioa, pilota partidak, mus txapelketa, buruhaundiak, haurren tailerrak, puzgarriak, bertso saioa, Kuxkuxtu fanfarrea, suzko zezena, dantzaldiak…
Arantza Rock
Abuztuaren 23an Gazte Asanbladak antolatutako Arantza Rock arrakastatsua izan zen. Egun osoko egitaraua prestau zuten gazteek, herri kirol saioa eguerdian, aizkora apustua, zikiro jatea Izadi txarangaren laguntzaz... Ondoren poteoa egin zuten herrian barna eta arratsean kontzertuak eta dantzaldia izan ziren plazan. Tartean, berrikuntza batzuk ere sartu zituzten gazteek, adibidez, Gazte Tonbola. Gazte Tonbola, kamisetak eta giro ezin hobea. Heldu den urtean ere horrelako egun bat antolatzea espero dugu.