Iaz baino 164 bisitari guttiago pasatu dira aurtengo udan turismo bulegotik

TTIPI TTAPA 2008ko abuztuaren 29a

Joan den urteko ekainean eta uztailean 1.163 lagun pasatu ziren, eta aurten 999

Bazter aunitzetan egin du beheiti turismoak, eta hori krisiari leporatu izan zaio. Ez dakigu Beran hori izanen den arrazoia, baina kontua da iazko datuekin konparatuz, turismoak beheiti egin duela. Turismo bulegotik pasatu diren bisitariak, behinik behin, joan den urtean baino guttiago izan dira. Lerro hauek idazterakoan oraindik ez genuen abuztuko daturik, baina ekaineko eta uztaileko datuek beherantzko joera erakusten dute.

Udaletxeko turismo arduradunak utzitako datuen arabera, joan den urtean, ekainean 284 lagun pasatu ziren turismo bulegotik, eta 879 turista uztailean. Aurten, berriz, ekainean 183 lagun pasatu dira (iaz baino 101 guttiago), eta 816 ekainean (iaz baino 59 guttiago). Orotara, beraz, 164 bisitari guttiagok jo dute turismo bulegora. Dena den, aipatzekoa da, joan den urtean ekainean aste bat lehenago ireki zela bulegoa.

Aurtengo abuztuko datuak falta diren arren, turismo arduradunaren iritziz, iaz baino jende guttiago pasatu da.

Bisitarien jatorriari dagokionean, bai joan den urtean eta bai aurten ere, batez ere Euskal Herriko jendea etorri da (Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik batik bat), eta horien ondotik Katalunia, Madril eta Valentziako turistek bisitatu dute batez ere herria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun