Arantzako Amabirjin bestak lau egun izan dituzte aurten, baina larunbat honetarako, abuztuaren 23rako egun guziko egitaraua prestatu du Arantzako Gazte Asanbladak.
Herri kirolak, bazkaria eta kontzertua
13:00etan herriko gazteen herri kirol saioa jokatuko da.
Ondotik aizkora apustua jokatuko dute: Julio eta Dani Lukanbio, Andoni Goikoetxea eta Txema Aizpuruaren aurka.
14:30ean herri bazkaria izanen da eta arratsaldean poteoa txarangarekin.
23:00etan Arantza Rock izanen da. Aurten UFESTUEK, LAUROBA eta DES-KONTROL taldeek joko dute kontzertuan. Sarrera doan izanen da.
Ondotik gaupasa izanen da BESTERIK GABE taldearekin.
Kamisetak salgai
Osagai horiekin giro ezin hobea izanen da eta besta iragartzeko kamisetak, kolore, tamaina eta estilo ezberdinetakoak salgai dira 12 eurotan, ohiko lekuetan.
1995etik
Urtez-urte egunaren egitaraua aldatu bada ere, denak ezagutzen dugun Arantza Rocken ibilbidearen barne kokatzen da egun hau. 1995ean Aterpekoek lehen aldiz Arantza Rock antolatu zuten Aterpeko aparkalekuan. Urte hartatik eta 1997ra kontzertu jendetsuak izan ziren leku berean eta ordurako sortua zen Gazte Asanbladak hartu zuen antolaketaren ardura. Geroztik, urtero zuzeneko musika emanaldiak egin dira frontoian bi urtetan izan ezik. Euskal Herriko, tartean eskualdeko eta kanpoko izen haundiko taldeek parte hartu dute.