Arantzako Amabirjin bestak abuztuaren 14tik 17ra, ortzegunetik igandera ospatu dira. Ortzegun arratsaldeko 7etan bota zen txupinazoa, baina txupinazoa baino lehen, patata-tortilla lehiaketa egin zen. Aurten lau tortilla prestatu zituzten aranztarrek. Horietako bat egiten topatu genuen Aitziber Almandoz. Bere arraultze-dozenako tortilarrekin ez zuen lehiaketa irabazteko helbururik, bere tortilla platerean ez gelditzea baizik. Bertze bikote honek lehen aldiz parte hartzen zuen lehiaketan eta berandu xamar ailegatu zen hitzordura. Halere, lanean gogorik ari ziren. Jaime Iturria ere tortilla egiten topatu genuen, Herriko Etxeko agintariek, ekitaldi ofizial eta formaletan ez ezik, bertzelakoetan ere parte hartzen dutela erakutsiz.
Txupinazoa Ekaitza elkartearen eskutik
Tortillak egiten ziren bitartean, eta sariak banatu baino lehen, txupinazoa bota zuten Herriko Etxetik. Aurten ohore hori Ekaitza elkarteari ematea erabaki zuen udalbatzak eta urte osoan hainbat ekitaldi antolatzen dituen elkarte honen ordezkari, Dabid Iturria presidentea izan zen lehen suziria piztu zuena.
Ilusioarekin eta urduritasun pixko batekin bete zuela aipatu zigun Dabidek.
Bien bitartean, tortilla-lehiaketako epaimahaia lanean ari zen. Sonia Iturriak aipatu zigun zer den baloratzen dutena.
Presoen aldeko brindisa
Bestak hasiak zirenez, Izadi txaranga lanean zebilen plazan eta aranztarrak besta gogoz somatu genituen. Plazan paratutako mahai batean, txanpaina eta laranjazko freskagarriak paratuak zituen Herriko Etxeak, nahi zuenarentzat. Presoen aldeko brindisa ere bertan egin zen.
Ainara Maia alkatearekin ere izan ginen. Eguraldi goibel eta euritsuari aurpegi ona paratuz, bestak hasteko gogoz zegoen. Hori bai, alkate denetik bestaren ikuspegia ere aldatu zaiola onartu zigun.
Herriko dantzariek bere lehenbiziko emanaldia eskaini zuten, Amabirjin egunerako prestaketa giara eta Jota Hanka taldearen dantzaldiarekin akautu ziren bezperako ekitaldiak Arantzan. Hori bai, dantzaldiaren atsedenaldian izandako bingoak arrakasta izan zuela aipatu ziguten aranztarrek.
Amabirjin egunean prozesiorik ez, baina dantzak bai
Amabirjin eguna goibel eta euritsu ernatu zen Arantzan ere. Herritarrak elizara bildu ziren, bestetako egun handiko meza aditzera. Hori bai. Meza ondotik eta euriak atertzeko asmorik ez zuenez, ez zen prozesiorik egin.
Beraz, elizatik zuzenean Herriko Etxera joan zen herriko bandera, Panttaleon Errandonearen eskuetan. Berekin batera, udal agintariek, Ainara Maia alkatea buru zutela eta txistulariek bide bera egin zuten, aterkipean.
Dantzariak Herriko Etxeko arkupetan biltzen hasi ziren poliki-poliki. Hauek ere, euriarengatik, ez zuten ohiko karrika buelta egin. Hori bai, abudo beraien emanaldia eskaintzekotan ziren frontoian eta hasierako urduritasunak uxatzen edo, elkarrekin solasean somatu genituen arkupean.
Herri gehienetan ohikoa denez, Arantzan ere mutilak baino neska dantzari gehiago izan ziren. Hori bai, beharbada Arantzako dantzarien kasuan harrigarriena zera da, belaunaldi ezberdinetako dantzariak biltzen direla taldean: hasi 10-11 urteko neska-mutikoetatik eta beteranoenak bitarte. Beterano hauen artean daude Xatur Larralde, Madalenbordako Julian, Gabi Goia eta Lucia Iparragirre.
Mattin Larraldek, berriz, atabala jo zuen elizatik herriko etxerako bidean baina, gero, frontoian, musika tresna utzi eta dantzan aritu zen.
Jende aunitz frontoiko emanaldian
Dantzari denak bildu zirenean, mutilak erreldo batean eta neskak bertzean, frontoira bitarteko kalejira laburra egin zuten, txistularien laguntzaz.
Frontoia jendez gainezka zegoen, herriko dantzarien saioa ikusteko gogoz. Lehenik mutilen txanda izan zen. Txapela eskuan zutela, lehenik publikoa eta neskak agurtu zituzten eta gero, elkarri zapelarekin agurra eskaini ondotik, Arantzako zortzikoa dantzatu zuten.
Gero, neskak hartu eta lepoan zeramaten zapiekin loturik, soka-dantza eskaini zuten neskek eta mutilek elkarrekin.
Mutilek atsedena hartzen zuten bitartean, neska-dantzaren txanda etorri zen, ttikienaz aurrera paratu eta dantza saio polita eskaini zuten.
Segidan, mutilek Hiru bueltako dantza dantzatu zuten
Eta frontoiko emanaldia akautzeko, Zubidantza eta Zortzikoa dantzatu zuten, herritarrek txalo zaparrada batekin agurtzen zituzten bitartean.
Dena den, eguraldia zerbait altxatzen ari zela aprobetxatuz, herriko plazan Jota eta Arin-Arina dantzatu zuten dantzariek, argazkiak egin baino lehen.