Igantziko Mendi Bizikleta jautsiera txapelketa jokatuko da larunbat honean, abuztuaren 9an, arratsaldeko 3:30etik aitzinera Igantziko Biltoki elkarteak antolatuta. Berriz ere gogoraraziko dugu irteera ordua, arratsaldeko 15:30ak izanen dela, karteletan akats baten ondorioz 16:30ean hasiko dela jartzen baitu.
Fraingo kaxkotik Baratzarreara
Aitzineko urteetan bezala, Fraingo kaxkotik abiatu eta Baratzarrea bitarte bi kilometro terdi inguruko ibilbidea osatuko dute txirrindulariek. Hori bai, Xaber Telletxea antolatzaile eta aldi berean, partehartzailearen erranetan, zenbait salto eta bihurgune berri paratu dituzte jautsieran. Aurten, master-30 kategorian lehiatuko da Xabier Telletxea. Aipatzekoa da zenbait urtez Nafarroako edo Euskal Herriko txapelketarako baliagarria izan dela Igantziko proba, baina aurten ez. Dena den, proba ikusgarria izaten segituko du.
Gizonezkoetan sei kategoria, emakumetan bakarra
Gizonezkoak sei kategoriatan banatuko dira: kadeteak, jubenilak, 23 urtez beheitikoak, elite, master-30 eta master-40 eta emakumeentzat kategoria bakarra izanen da.
Goizean entrenamendu saioak
Proba arratsaldeko 15:30ean hasiko bada ere, goizean entrenamendu saioak izanen dira, ibilbidea ezagutzen joateko eta azkenean hain garrantzitsuak izan daitezken segundu dezimak non urratzen ahal diren ikasteko. Mendi bizikleta txapelketaren ondotik, herrian salto ikusgarriak ikusteko aukera izanen da aurten ere.