Abuztuaren 5a, asteartean hainbat ekitaldi egin ziren Berako besten barne. Goizean, auzoz auzoko dianen txanda izan zen. Suspela auzoan ibili ziren Irats taldeko trikitilariak. Kasu honetan, bost ziren trikitilari eta pandero joleak. Bost hauetatik hiru herritarrak ziren, baina ez zuten inolako ajerik erakusten. Bidean topatu genituen auzoko etxe baten atarian. Bertan pieza bat jo eta autoetan igota, bideari ekin zioten. Etxeko andreak gazteak ikusirik, sos puska bota zuen leihotik eta bertara hurbildu izana eskertu zuen.
Ezpelur gaitariak Kaulen
Aski gauza polita dela iruditu zaigu eta hortaz, beste auzo batera joatea pentsatu dugu, zehazki, Ezpelur gaitariak zeuden Kaulera.
Iritsi berriak ziren eta bertakoek besoak zabalik hartu zituzten, jadanik urte saila bai dute urtero-urtero joaten.
Tradizio aunitzeko ekintza da eta gainera oso polita. Barrenera sartu eta terraza dena ongi hornitua zuten, mahai, plater eta gainerako guztiarekin. Hantxe utzi genituen piper beteak eta etxeko sagardoa edaten.
Aurten puzgarriak Rikardo Baroja ikastetxeko frontoian paratuak zituzten, itzala aprobetxatuz. Beharrik! Bero handia egiten baitzuen…
6 puzgarri jarriak zituen Navar producciones enpresak.
Erraldoi eta buruhandiak
Herri gunetik Agerra auzora joan ginen, Ezpelur gaitariekin batera itzulixka egin bai zuten erraldoi eta buru handiek. Kamioi txiki batean garraiatu zituzten guztiak eta poliki-poliki atera eta kontu handiz jarri zituzten. Buru handiek soineko eta bestelakoak jarri zituzten eta azkenean, buru handia. Erraldoiei dagokienez, galtza eta ator xuriak zeramaten, soilik galtzak ikusten zaizkien arren. Denak behar bezala jarri eta Ezpelur gaitariak jotzen hasi ziren. Erritmo hauek dantzagarriak dira, nahiz eta ez den batere gauza erraza izanen gainean erraldoiak dituztela mugimendua jarraitzea. Agian ez zen egun aproposena ibilbide hau egiteko, haurren puzgarriak izanta, gehienak han bai zeuden. Dena dela, auzoko jendeak ederki erantzun eta taldetxo eder bat osatu zuten.
Kukaña
Dagoeneko beste ekintza bat amaitu eta Agerratik Illekuetara joan ginen. Egunero kukaña egiten baita bertan. Egia errateko egitarauaren barne sartzen den ekintza da, baina enbor luze eta mehea jartzen denetik, beti izaten da norbait gainean. Bezperan hasten dira eta hortik hasita, egunero-egunero goiz eta arratsaldez aritzen dira. Haurrek gozatu ederra hartu zuten. Gainera, zorionez, Berako bestetan eguraldia primerakoa izan da, eta ez dute batere aitzakia txarrik izan freskaldi bat hartzeko.