Hainbat ekitaldi izan ziren Berako San Esteban bestetako astelehenean ere

Goizalde URDANPILLETA 2008ko abuztuaren 5a

Berako haurrak superheroiak izan ziren, antzeslanean, zaborraren kontrako borrokan. TTIPI TTAPA

700 ikusle bildu ziren Eztegara pilotalekuan, Titin eta Irujoren arteko lehia ikustera

Berako bestetako astelehen goizean igeriketa txapelketa jokatu zen. Eguraldia goibel zegoen, baina nahiko tenperatura atsegina zegoenez, haurrek ez zuten batere beldurrik izan uretan sartzeko. Ez zen sobera jende hurbildu, ez parte hartzaileei dagokionez, ezta ikusleei ere, baina giro polita izan zen, beti kopurua ez baita garrantzitsuena izaten. Haurrak ziren parte hartzaile gehienak, eta kategoria batzuetan bakarra zegoenez, biltzea erabaki zuten eta horrela ikuskizun politagoa eskaintzeko. Igerian aritu zirenak ez ziren bakarrik beratarrak izan, Mexikotik hurbildutakoak ere agertu bai ziren. Ondotik haurrek hain gustukoa duten waterpoloan aritu ziren. Ondotik, sari banaketari ekin zioten, Aritz Perezen eskutik.
Igerilekutik Altzate plaza aldera jo genuen. Inguru horretan poniak zeuden haurren gozamenerako. Dagoeneko 13:00ak pasatxo ziren eta Izadi txarangako kideak hurbildu ziren kukaña alaitzera.

700 ikusle Eztegara pilotalekuan

Astelehen arratsaldean giroa ez zen faltatu Beran. Gainera eguraldiari dagokionez, eguzkiak agerraldia egin nahi izan zuen eta bero suertatu zen arratsaldea. Ekitaldi ugari baziren antolatuak eta gainera, zenbait tenore berean. Gu lehenik Eztegara frontoira hurbildu ginen pilota norgehiagoka antolatua bai zuen Aspe enpresak. 700 lagunek bete zituzten harmailak. Lehenengo partidan gure eskualdeko pilotariak protagonistak bilakatu ziren eta hori eskertzekoa da kontuan izanda etxean jokatzen zutela. Modu honetan, Iñaki Larralde lesakarra eta Unai Apeztegia aurtiztarra, Jon Apezetxea goizuetarraren eta Urberuaga aulestiarraren kontra aritu ziren. Lehen partida jokatzen ari ziren bitartean, aldagela ingurura hurbiltzen ziren Bortzirietako pilotari gazteak Martinez de Irujo edota Titinen sinadura lortzeko. Ilara luzea sortu zen, baina Irujok irribarrea ezpainetan zuela egin zuen, eta hori eskertzekoa da, zaletasuna haur denboratik hasten baita. Azken emaitza 22-17 izan zen Apezetxea eta Urberuagaren alde. Bigarren norgehiagokan ere bixi joan ziren gauzak. Irujo eta Laskurain 14-18 jarri ziren aurretik, baina ezustean Titin III eta Goñi III markagailua 20-18an jarri zuten. Iduri zuen partida erabakita zegoela, baina ez zen hala izan. Buelta ematea lortu eta azkenean garaipena poltsikoratu zuten urdinek, Irujok eta laskurainek, 20-22ko emaitzaz.

berako haurrek gogotik parte hartu zuten antzeslanean

Baina tenore horretan berean, alegia, arratsaldeko 18etan kale ikuskizuna zegoen Altzate plazan Hortzmuga antzerki taldearen eskutik. Zehazki, Superplast izeneko ikuskizuna eskaini zuten. Ikusirik halako jendetzak betetzen zuela Eztegara frontoia, pentsatzekoa zen gainerako ekitaldiek ez zutela halako arrakastarik izanen, baina ez zen hala izan. Plaza erabat beteta zegoen eta haurrez gain, guraso eta aitatxi-amatxiak zeuden, haurren aitzakian arratsalde ederra pasatuz. Hortzmuga taldeak hain modan dagoen gai bat hautatu zuen: birziklapena. Tresna bitxi eta ikusgarriak plazaratu zituzten eta haurrek ederki disfrutatu zuten.
Baina gauza bitxi bat gertatu zen. Hau da, haur piloa bere bainu jantziekin zegoela kale animazioa zegoen bitartean. Zergatik ote? Hurrengo ekitaldirako prest zeudelako… Hortzmuga taldeak bere saiotxoa amaitu zuenean haurrekin argazki bat atera zuten eta haurren irribarreek garbi uzten zuten disfrutatu egin zutela eta gustuko izan zutela ikusitakoa. Haurrak oso kritikoak izaten dira eta ongi pasatzen badute, erakutsi egiten dute, baina ez bada hala gertatzen, hori ere agerian uzten dute.

Segidan, apar besta Altzateko plazan…

Honen ondotik, haur guztiak prestatu ziren. Suhiltzaile boluntarioen kamioia Altzate plazan sartu eta beharrezko gailu guztiak atera zituzten. Mangera luze batzuk hartu, luzatu eta listo… hortxe zen aparra. Haur guztiak suhiltzaileen inguruan ez ezik, aitzinean ere paratu ziren, aparrarekin dutxa eder bat hartzeko. Txikienek igeri egiteko betaurrekoak jarri zituzten, aparrak begietan minik ez egiteko eta hori bai, oinetan, txankleta edo oinetako egokiak. Gurasoak nahiko hurbil zituzten esku oihalak prest zituztela, baina eguraldi sapa zegoen eta ez zuten behar handiegirik izan. Irrigarria zen haur txikiak ipurdiko oihalekin eta aparrez beteta ikustea. Ederki disfrutatu zuten.

…eta migattuak Herriko Etxeko plazan

Apar besta bukatu orduko arratsaldeko 19:30ak pasa ziren, beraz, ordu erdi pasatxo luzatu zen. Ez du aunitz irauten, baina benetan arrakastatsua izaten da. Herriko Etxeko plazan migattuak zeuden gero. Batzuk migattuen adarretan uztaiak sartzen ahalegindu ziren. Batek sartu zuen, baina sartu ahala, zezentxoak atera egin zuen. Azken migattua txikiagoa izan zen eta hala, gazteagoak atera ziren harez estalitako plazara eta bere ahalegina egin zuten, nahiz eta kutxatik atera orduko lasterka hasi. Beraz, oso egun konpletoa izan zen eta ekitaldiz betea. Eta ez hori bakarrik, aunitz tenore berean izan arren, ez zen jendea falta inon.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun