Larunbat eguerdian, Julen Zelaieta bertsolariak botatako txupinazoarekin hasi ziren Berako San Esteban bestak. Julen Zelaieta Nafarroako bertsolarien txapeldun izan da aurtengoan eta horregatik, bera izan zen lehen suziria pizteko arduraduna. Eguerdia baino ordu erdi lehenago hasia zen Herriko Etxeko Plaza betetzen eta gaztetxoenek, bere petardo bestarekin hasiak ziren, txupinazo ofiziala bota baino dexente lehenago ere.
Bertsoa eta txupinazoa
Urtero bezala, giro ederra zegoen plazan, baina telebistako kamerarekin Herriko etxeko pleno-aretora hurbildu ginen. Azken orduko urduritasunak somatu genituen: albinteak suziria prestatzen, Julen Zelaieta txupinazoa baino lehen bota behar zuen bertsoa buruan hartzen, zinegotziak Berako eta Nafarroako banderak eta ikurriña jartzen, gonbidatuak kontu kontari, Berako bertso eskolako gaztetxoak… Berako Kultur Batzordeko hainbat kide ere bertan ziren. Izan ere, Julen Zelaieta izan zen lehen suziria piztu behar zuena, baina Berako Kultur Batzordearen izenean egin zuen, erakunde hau baitzen horren arduraduna.
Kontuak kontu, eguerdia baino lehenxeago balkoira atera zen Julen Zelaieta eta suziria piztu baino lehen bertso ederra bota zuen.
Segundu batzuk espetu eta Gora Santestebanak, Gora Bera eta Berako Bestak! Oihukatu eta suziria eta, aldi berean, bestak piztu zituen.
Ezkil soinuak, Izadi txaranga, gaiteroak, erraldoi eta buruhandiak, txanpaina, goxokiak… eromena hasi zen Berako Herriko Etxeko Plazan.
Julen Zelaieta gustora zegoen, urduritasunak ahantzi eta bestak hasteko gogoz.
Berako Kultur Batzordea, 20 urtez lanean
Arestian aipatu dugun bezala, Berako Kultur Batzordea zen aurtengo txupineroa eta erakunde honetan aspaldian lanean ari den Bittori Telletxearekin ere izan ginen. Iaz, 110 ekitaldi eta ikuskizun antolatu zituen Kultur Batzordeak eta aurten, urtea akautu orduko ere, bertze horrenbertze izanen dira seguruenik. Horrek lan handia eskatzen duela azpimarratu zuen Bittorik eta 25 bat lagun ari omen dira horretan: “Duela hogei urte inguru hasi zen Berako Kultur Batzordea biltzen, Kotto Altzuguren zinegotzi zen garaian. Orduan, herriko kultur elkarte ezberdinak Herriko Etxearekin bildu eta gauzak elkarlanean egiten hasi ginen”.
Kalejira Izadi txarangarekin
Herriko Etxetik jautsi eta kalejiraren ondotik abiatu ginen. Lehen geldialdia Euskalduna parean eta gazteak Ezpelur gaiteroen eta Izadi txarangaren doinuen arabera dantzan. Halere, oraindik solasteko gogo handiegirik gabe somatu genituen.
Eztegara karrikan egin zuten bigarren geldialdia. Jendea dantzan animoz eta ostatuetan lehen tragoal hartzen gogotsu somatu genituen. Dena den, bazen ortziral arratseko lanarengatik edo auskalo zergatik, nekatu xamar zegoena ere.
Aurtengo bestetan Izadi txaranga da egunero-egunero musika doinuak karrikaz karrika hedatuko duena. Duela lau bat hilabete sortua, musikari guziak Berakoak dira eta Altzateko bestetan egin zuten lehen agerraldia. Orain, herriko bestetan izaten ari dira ardura eta horretarako gogotsu daudela aipatu zigun Eduardo Etxebeste musikariak.
Eztegaratik Altzate aldera jo zuen kalejirak eta Errekalde parean bertze geldialdia egin zuen.
Han ere gustora somatu genituen haur eta gaztetxoak, hasi berriak ziren bestetan ongi pasatzeko intentzioarekin:
Gure Txokoa dantza taldearen jaialdia
Arratsaldean bertze hainbat ekitaldi izan ziren Beran: plater-tiroketa, haurrentzako jokoak, kukaña, txistulairak… Dena den, ekitaldirik aipagarriena Gure Txokoa dantza taldearen Eztegarako jaialdia izan zen. Adin ezberdinetako taldeekin urte osoan egindako lanak eta entsaioak jaialdi honetan laburbiltzen dira eta horregatik, urduri somatzen dira Gure Txokoako arduradunak. Baina dantzariek, urtero bezala, berea eman zuten. Agintariena, Suletinos, Esku dantza, jota eta porrusalda, Xemeingo ezpata dantza, Domingillo, Ipurdi dantza, Uztai dantza, Ingurutxo, Makilari, Igitaien dantza, Makil Txiki eta Pilindros dantzatu zituzten, Eztegara pilotalekua betetzen zuten ikusleen txalo zaparradaren artean.