Larunbat arratsaldean jokatu zen Beran Basati taldeak bosgarren urtez antolatutako 4x4 Auto Trial proba. Ibardingo errepidean dagoen Postas inguruan hainbat motorzale bildu ziren, auto berezi hauen ibilerak ikustera. Proba hauetan, autoen mugak bilatu nahi izaten dituzte partehartzaileek eta batzutan lortu ere bai, erradiadorea edo ejeren bat hautsita akautu baitzuten uztailaren 26an hainbat autok. Guzira, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaiako 22 auto atera ziren, hasiera batean 30ek izena emana bazuten ere. Xuper Ordoki antolatzaileetako batek aipatu zigunez, aitzineko urteetan Frantziatik, Landetatik ere etorri izan dira partehartzaileak, baina aurten ez dira etorri.
Zigorrak
Autoek eta bere gidariek ibilbide ezberdinak eta gogorrak osatu behar izan zituzten, ahalik eta zigor ttikienarekin. Honela, lohiez betetako zuloetatik atera, gurpil gainean ibili edo malda ikaragarri bat atera behar izan zuten. Zigorrei dagokienez, autoek esparrua mugatzen duten zintak ukitzeagatik zigorra izaten dute, zinta horiek edo makilak hausteagatik handiagoa, eremutik ateratzeagatik bertze horrenbertze edo traktorearen beharra dutenean ere zigorra jasotzen dute.
Iñigo irundarra nagusitu zen
Azkenean, Suzuki autoa gidatzen zuen Iñigo irundarra izan zen onena, 290 punturekin. Berez, bigarren postua Ligero autoa gidatzen zuen Xuper Ordokirentzat izan zen, 350 punturekin, baina sari hori ez hartzea erabaki zuen Xuperrek. Izan ere, proba hauetan ohikoa omen da talde antolatzaileetako gidariek beraien sariei uko egitea, abantailatxoa dutelakoan eta horixe egin zuen Xuperrek. Beraz, sailkapen orokorrean hirugarrena izan zen Jontxu Almandoz beratarrak hartu zuen bigarrenari zegokion saria. Almandozek Doneztebeko proba irabazi zuen eta Beran, bere Suzukiarekin, 530 puntu eskuratu zituen. Laugarren postua, Nissan Patrola gidatzen zuen Josu Zozaia urroztarrarentzat izan zen, 590 punturekin. Puntu kopuru bera lortu zuen Suzukia gidatzen zuen Xabier Oñaederra aretxabaletarrak, baina ibilbideak osatzeko denbora gehiago behar izan zuenez, bosgarren postua izan zen beretzat. Bortzirietako gidari onenarentzako saria, hori bai, Xuper Ordokik eskuratu zuen.
Dena den, sariak sari eta sailkapenak sailkapen, proba ikusgarriak izan ziren Postasen eta jendeak gozatu ederra hartu zuen.