Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatzen duen Herriz Herri txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen larunbat arratsaldean, uztailaren 26an, Berako Altzate Plazan. Herriko taldearekin, Gure Txokoarekin batera, Berriozar eta Ultzamakoak aritu ziren. Jakina, bi proba konbinatu ezberdin egin behar izan zituzten kirolariek larunbat arratsaldeko bero sargoriari aurre eginez.
Berriozar nagusi lehenbiziko konbinatuan
Lehenik, koxkor biltzea, zaku lasterketa, aizkora, korrika eta arpana modalitateak hartzen dituen proba konbinatua egin zuten. Gure Txokoa taldearekin Iñaki Irazoki aritu zen koxkor biltzen, Iban Zubieta eta Mikel Larretxea zakur lasterketa, Oihan Larretxea aizkoran, Andoni Lasaga korrika eta Igor Lasaga eta Jabier Galarregi arpanan. Probaren hasieratik Berriozarko kirolariak aitzinetik paratu ziren eta bere abantaila, poliki-poliki, baina urratsez urrats handitzen joan zen. Bigarren posturako lehia estuago izan zen Ultzama eta Gure Txokoaren artean. Batzuetan Berakoak aitzinetik, hurrengoan Ultzamakoak, horrelaxe ibili ziren. Zenbait probatan abantailatxoa hartzen zuten beratarrek, koxkor biltzen, arpanan edo korrika, adibidez, baina bertze batzuetan Ultzamakoak gailentzen ziren. Aizkoran, adibidez, Aitor Senosiainek denbora onak egin zituen. Azkenean, Berriozar izan zen nagusi 18 minutu eta 33 segunduko denborarekin. Bigarren postua Ultzamarentzat izan zen, 19 minutu, 15 segundu eta 86 zentesimako denborarekin. Hirugarren Gure Txokoa izan zen, 19 minutu, 48 segundu eta 15 zentesimako denborarekin.
Gure Txokoak eskura izan zuen garaipena bigarrenean
Bigarren konbinatuan edo Hiru Kirol proban, harri jasotzen, ingudearekin eta txinga eramaten lehiatu ziren. Hemen, esku-eskura izan zuen garaipena Gure Txokoak, hiru probetatik bitan, ingudean eta harrijasotzen denborarik onenak Berako kirolarientzat izan baitziren. Baina txingetan suerte txarra izan zuen Jabier Galarregik. Etxalartarra Nafarroako azpitxapelduna da modalitate honetan, baina indarra eta abiaduraz gain, txingak ongi kontzea garrantzitsua da eta larunbatean ez zuen magnesiorik erabili. Hortaz, sei plazak egiteko auniztan gelditu egin behar zuen Galarregik, txingek irrist egiten ziotelako eta hor denbora garrantzitsua galdu zuen. Erran bezala, ingudearekin, Gure txokoako ordezkaria, Ander Mitxelena izan zen bizkorrena, 60 jasoaldiak minutu bat, 2 segundu eta 11 zentesimatan egin baitzituen. Berriozarko ordezkariak 5 segundu gehiago behar izan zituen eta Ultzamakoak 11 gehiago. Harrijasotzen ere, Berako Mikel Pikabea izan zen bizkorrena. 50 kiloko harriari hamar jasoaldiak 44 segundutan eman zizkion. Berriozarko ordezkariak 7 segundu gehiago behar izan zituen eta Ultzamakoak, nahiko lanekin, minutu eta 22 segundu behar izan zituen lana burutzeko. Baina, erran bezala, txinga eramateko proban erabaki zen larunbateko saioa. Ultzamako ordezkariak minutu bat, 14 segundu eta 9 zentesima behar izan zituen 6 plazak egiteko, Berriozarkoak minutu 1, 21 segundu eta 86 zentesima eta Gure Txokoakoak, arestian aipatutako arazoengatik, minutu 1, 57 segundu eta 20 zentesima. Gauzak honela, hiru probetatik bakarrik ere irabazi ez bazuen ere, Berriozarrek egin zuen denborarik onena, 3 minutu, 20 segundu eta 69 zentesima. Gure Txokoa izan zen bigarren, 3 minutu, 43 segundu eta 31 zentesimako denborarekin eta Ultzama hirugarren, 3 minutu, 49 segundu eta 88 zentesimako denborarekin.
Hirugarren jardunaldia Elizondon abuztuaren 2an
Gogoratu, Nafarroako Herriz Herri Txapelketako hirugarren jardunaldia datorren larunbatean (abuztuak 2) jokatuko dela Elizondon, arratsaldeko 19:30etatik aurrera. Elizondoko jardunaldian Garralda, Basaburua eta Igantziko taldeak hartuko dute parte.