Bidasoaldeko Nazioarteko Gazteen Folklore jaialdiko saioak egiten ari dira eskualdean

Aitor AROTZENA 2008ko uztailaren 28a

Poloniako Gorzowiacy taldeak emanaldi bikaina eskaini zuen larunbat arratsaldean Lesakan. TTIPI TTAPA

Azken saioa astelehen arratsaldeko 20:00etan izanen da Beran

Hamabigarren urtez Irungo Eraiki dantza taldeak Bidasoaldeko Nazioarteko gazteen Folklore jaialdia antolatu du, eta aldi honetan ere hainbat saio izan dira eskualdean. Ortzegunean, uztailaren 24an lehen saioa egin zuten Doneztebeko Santa Luzia plazan. Irungo Eraiki dantza taldearekin batera, Poloniako Mali Gorzowiacy eta Argentinako Santa Cruz hiriko General Las Heras udal dantza eskolakoak aritu ziren. Lesakan larunbatean izan zen saioa, uztailaren 26an. Arratsaldeko 19:30ean desfilea egin zuten taldeek eta 8etan dantza saioa Plaza Zaharrean. Lehendik Tantirumairu euskal folklore taldekoek ongietorria eman zieten kanpotik etorritako dantzariei eta gero hauen txanda izan zen. Lehenik, Irungo Eraiki Dantza Taldekoak aritu ziren.

Poloniarrak

Segidan, nazioarteko dantzarien txanda izan zen. Lehenik, Poloniako Mali Gorzowiacy taldeko neska-mutikoak aritu ziren. “Gorzowiacy” dantza talde poloniarra 1981ean sortu zen Gorzów hiriko Wielkopolski gaztetxean. Inguruko eskoletatik datozen 160 partaide ditu gutxi gora behera gaur egun taldeak, 5 eta 21 urteen artekoak. Emanaldi garrantzitsuenetarako helduenekin egiten dute lan, eta hiru taldetan banaturik daude: 16 – 21 urte dituztenen taldea; 13-15 urte bitartekoen taldea eta 10-12 urte dituztenen taldea. “Gorzowiacy” dantza taldeak, musikari eta koreografo profesionalen laguntzaz, adinen eta dantzarien gaitasunen araberako dantza poloniar ezberdinak egiten dituzte. Lan gogorrari esker, nazioarteko jaialdi ezberdinetan parte hartzeko aukera izan dutela ikusi dugu; hala nola, Alemania, Belgika, Bulgaria, Txina, Kroazia, Txipre, Danimarka, Egipto, Eslovakia, Finlandia, Frantzia, Hungaria, Italia, Letonia, Lituania, Portugal, Turkia, AEB, Venezuela,….

Argentinarrak

Argentinako Santa Cruz hiriko General Las Heras udal dantza eskolakoek hartu zuten txanda. 1997. urtean Las Heras udalerriak kultur ondasun nazionalak gorde behar zirenaren erabakia hartu zuten. Horretarako, Argentinako tradizioak mantenduz, adin guztietako neska eta mutilei dantzak transmitituz hasi ziren. Dantza talde ezberdinak lurraldean zehar ibili dira koreografia bakoitzean hegotar kutsua utziz. 2006 eta 2007 urteetan, General Las Heras dantza taldeko partaideetako batzuk Kordobara abiatu ziren 41. “Jesus Maria 2006” Doma eta Folklore jaialdiari hasiera emateko. Emanaldi horretan, beste 250 dantzarirekin ibili ziren lanean “Cosquin 2007” jaialdiari hasiera emateko ere. Gainera, bi ibilaldi ezberdin egin zituzten Frantzia eta Mexikotik, Santa Rosa hiriko (La Pampa) “Tango-Folk” baleta ezagutzera emanez. Azkenean, lan gogorra egin ondoren, taldeak eraikin propioa duela erran dezake; bertan, 200 ikasleei dantzak dituen balore artistiko, sozial, kultural, historiko eta folklorikoak irakasten dizkiete, dantza bakoitzaren kultura berpiztu nahiean. Lesakan, jendearen txaloak eragin zituen, batzuetan tango eta klakearen nahasketa ematen zuten dantzekin.

Eta Ipar Osetiakoak

Azkenik, Ipar Ossetiako Alaine hiriko mendiko umeak hartzen dituen Deti Gor folklore taldekoak. Aintzinean, oso aberatsa izan zen Ossetiako Errepublika folklore eta kulturari dagokionean, eta horren erakusle da, Iparraldean jasota dagoen herentzia handia. Nartes hiriko(gaur egungo Iparraldeko Ossetiako Alaine) narrazio testu batzuk, ospatzen zituzten festen froga dira, non, abestu eta dantzatzen zuten. “Mendialdeko haurrak” taldea, behin baino gehiagotan izan da saritua Errusiako txapelketa eta jaialdietan, eta Hungaria, Polonia eta Alemania bezalako herrietan baita ere. Eskola honetan, dantzatzeaz gain, Ossetiarren historia eta ohiturak irakasten dira, eta helburua, ikasleak Mendialdeko Haurrak bihurtzea da, hau da, pertsona alaiak, artearen, edertasunaren eta graziaren munduaren sortzaileak. Gaur egun, Dantza taldearen partaide izan zirenetako batzuk “Iriston”, “Gorez”, “Narti”, “Arte” eta “Alan” Errepublikako abangoardia taldetako dantzari dira.

Azken saioa Beran, astelehen arratsaldean

Etxalarren igande eguerdian aritu ziren plazan Argentina eta Poloniako taldeak. Beran, azkenik, uztailaren 28an, astelehenean izanen da saioa Altzateko plazan, arrasaldeko 8etan. Ipar Ossetiako Deti Gor eta Nepalgo Everest Nepal Cultural Group ariko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun