1.813 txirrindularik parte hartu zuten igandean Beran La Miguel Indurain zikloturista ibilaldiaren hamazazpigarren edizioan. Aurten ere bi ibilbide aukeran jarri zituen Club Ciclista Beratarrak. Luzeena, 186 kilometrokoa, 491 txirrindularik aukeratu zuten eta laburrena, 113 kilometrokoa, 1.340 txirrindularik.
Antolaketa bikaina
Luzeenean parte hartu behar zutenak igande goizeko 8:30etan zuten irteera. Halere, oraindik izena eman gabe zutenek goizeko 6:30etik aitzinera zuten horretarako aukera Toki-Ona kiroldegian. Horrela, asteburu osoan bezala, mugimendu handia somatzen zen Berako karriketan igande goizaldean ere. Aitortu behar da Club Ciclista Beratarrak antolaketa bikaina izaten duela egun honetan. Kiroldegian, txirrindulari multzo bakoitzak izena emateko bere lekua zuen: alde batetik, ibilbide luzea egin behar zutenak, federatuek eta federatu gabekoek bakoitzak bere mahaia zuelarik. Ibilbide laburrekoek gauza bera. Izen ematerakoan, oparia hartzen zuten eta gero, ibilbidean jan eta edateko hornidura lekuak zituzten Belate, Artesiaga eta Orokietako kaxkoetan. Gainera, probaren ondotik, diplomaz gain, berendua izan zuten.
Minutuko ixilunea Alfonso Perez de Cirizaren oroimenez
Erran bezala, lehenik ibilbide luzekoak abiatu ziren. Irteera puntuan, Eztegarako pasealekuan bildu ziren, denak bere kaskoekin eta zurmioan, beraien denbora zehaztuko zuen txipa paratuta. Zoritxarrez, aurtengoan ezin izan zuen Miguel Indurain berak parte hartu eta ezinezkoa egin zitzaion Berara agertzea. Izan ere, Frantziako Tourraren azken eguna ere bazen igandekoa eta, Indurainek Pariseko helmugan, bertze irabazleekin batera egon behar izan zuen.
Martxan hasi baino lehen, minutuko ixilunea gorde zen astebete lehenago istripuan hildako Alfonso Perez de Ciriza txirrindulariaren omenez. Unzueko txirrindulari honek, bertze urteetan bezala, aurten ere Berako proba honetan parte hartzeko asmoa zuen. Gainera, Goka enpresako langilea zen, La Miguel Indurain probako laguntzailea hain zuzen.
Minutuko ixilunearen ondotik, Berako hiru txirrindularik, Patxi Vila Lampreko profesionalak, eta Joseba Larralde eta Joseba Errandonea afizionatuek, zinta moztu zuten.
Segidan abiatu ziren ibilbide luzeko 491 txirrindulariak. Irteera puntuan ezarrita zeuden alfonbren gainetik pasatu behar izan zuten, horrek jartzen baitzuen martxan bakoitzak zurmioan zeukan txipa.
Ordu erdi beranduago, ibilbide laburreko 1.340 txirrindulariak abiatu ziren.
Aipatu bezala, martxa zikloturista hauek ez dira lasterketa probak, baina bertze probetan parte hartzen duten batzuk lasterketa bezala hartzen dituzte eta edozein lasterketetan bezala, beraien ihesaldi saioak egiten dituzte, abanikoak, eta abar. Halere, gehienentzat igandea lagunartean eta kirol eginez pasatzeko modu polita izaten da.
Jan-edatekoak ausarki
Ezberdintasun hori somatu genuen segidan, belateko kaxkoan. Bertan ezarria zuen antolakuntzak lehenbiziko hornidura lekua. Proba bakoitzeko lehenbizikoak jan eta edatekoak kasik begiratu gabe pasatu ziren, ziztu bizian. Bertze batzuk, zerbait hartzen saiatu ziren, baina sobera frenatu gabe eta horrela lurrera erori zitzaien txukun-txukun prestatutako poltsak. Bertze batzuk aldiz, lasai ederrean gelditu, poltsa hartu, ura eta edari isotonikoak eskaintzen zituzten zisternetatik bere ontziak bete eta lasai ederrean lehenbiziko komentarioak egiten zituzten lagunekin eta hornidura lekuan zeuden laguntzaileekin.
Aipatu behar da aurtengo edizio honetan, hornidura lekuetan 5.000 barrita energetiko, 700 kilo fruta, 60 kilo menbrillo eta galleta, 9.000 freskagarri-lata, 4.000 ur-botila, 5.000 litro ur eta 800 litro edari isotoniko banatu direla.
Antonio Alcañiz eta Iban Santurde lehenak
Pixkanaka Berako Eztegara pasealekuan helmugaratzen hasi ziren txirrindulari guziak. Ibilbide laburrean, sprintean erabaki zen irabazlea. Antonio Alcañiz asturiarra izan zen azkarrena, 3 ordu, minutu bat eta 7 segunduko denborarekin. Segundu bat gehiago behar izan zuen Luiz Patrick frantziarrak eta denbora berean sartu ziren Oscar Negrete eta Eneko Gonzalez. Bosgarren izan zen Carlos Zelaiak segundu bat gehiago behar izan zuen. Aipatzekoa da Aitor Begino igantziarraren partehartzea ere. 17 urte bertzerik ez ditu eta mendi bizikletan Nafarroako txapeldun da kadete mailan. Errepidean ere ongi moldatzen dela erakutsi zuen eta 3 ordu, 10 minutu eta 56 segunduan egin zuen ibilbide laburra. Ibilbide luzekoen artean, Castro Urdaileseko Iban Santurde izan zen bizkorrena, 5 ordu, 14 minutu eta 2 segunduko denborarekin. Sprintean erabaki zen lasterketa hau ere, baina Iñaki Martiarena baztandarra baino bizkorrago ibili zen kantabruarra. Santurde aspaldiko ezaguna da Berako proban, izan ere, 2002an lehen aldiz parte hartu zuenetik bost aldiz irabazi baitu ibilbide luzean eta bigarrena izan zen iazko edizioan. 2005ean bakarrik ez du parte hartu. Santurde eta Martiarenaren gibeletik, lau minutu terdira, Emilio Monagas sartu zen, Jon Zubeldia izan zen laugarren, 5 ordu 21 minutu eta 19 segunduko denborarekin eta denbora berean sartu zen bosgarren sailkatua ere, Jon Peña.