Santiago egunez ospatuko dituzte berriz ere Lesakan Banartako bestak. Garai batean egun hori ospatzeko Banartako kaxkoan biltzen omen ziren Nabaz eta Katazpegi auzoko bizilagunak. Azken urteetan, berriz, Linddurrenborda sagardotegiaren inguruan izaten dira ekitaldiak. Eguerdiko 12etan botako da txupinazoa eta azken urteetan bezala, toka txapelketa jokatuko da. Auzoko trikitilariek animazioa jarriko dute. Gero, bazkaria izanen da Linddurrenborda sagardotegian eta bazkalondoa auzoko bertsolariek eta trikitilariek girotuko dute. Arratsaldean txinga txapelketa jokatuko da. Bazkalondo hori luze joaten da beti eta aunitzek bertan afaltzeko ere aprobetxatzen dute.