La Miguel Indurain txirrindulari probaren hamazazpigarren edizioa antolatu du igande honetan, uztailaren 27an, Club Ciclista Beratarra taldeak. Miguel Indurainek 1991n bere lehenbiziko Frantziako Tourra irabazi zuenean, omenaldi gisa lehen proba urtebete beranduago antolatu zutenetik, handitzen joan da eta lehenbiziko proba hartako 500 txirrindularietatik iazko 2.000 txirrindularietara pasatu da. Kasik urtero Miguel Indurain Berara etortzen da, antolatzaileei eskerrak emateaz gain, partehartzaileekin argazkiak ateri eta gehienetan proban parte hartzeko.
Irteera goizeko 8:30ean
Probari dagokionez, igande goizeko 8:30ean abiatuko da. Izen emateko epea aspaldian irekia dago Internet bidez, baina azken orduko izen emateak larunbatean, uztailaren 26an, arratsaldeko 15:30etik 21:00etara Berako kiroldegian eta igandean berean, goizeko 6:30etik 8:00etara egiten ahal dira. Txirrindulariek bi ibilbide izanen dituzte aukeran, luzea 186 kilometrokoa eta laburragoa, 113 kilometrokoa. Ibilbideak iazko berberak izanen dira. Hasieran, Ultzamako bidegurutzera bitarte bi ibilbideak berdinak izanen dira. Beratik abiatu eta Sunbilla, Doneztebe eta Mugairi pasatu ondotik, Belate igoko dute errepide zaharretik. Lehenbiziko jan-edatekoak ham emanen zaizkie partehartzaileei. Belatetik Arraizko Bentara jautsiko dira eta hor bereziko dira ibilbide luzeko eta laburreko partehartzaileak.
Luzeak 186 kilometro
Luzea hautatzen dutenek, Olaguen barna Egozkueko kaxkoa igoko dute, Urtasun eta Eugiko urtegira jausteko; hortik Artesiaga igoko dute eta han izanen dute bigarren aldiz, jan eta edatekoak eskuratzeko aukera; Iruritara jautsi ondotik, Zigako kaxkoa igaro eta gero, berriz ere Belatera igoko dira. Handik jautsi eta Ultzamara sartuko dira, Orokietako kaxkora igotzeko. Hemen hirugarren hornidura lekua izanen dute eta Malerrekan sartuta, Saldias eta Beintza-Labaienen barna Doneztebera jautsiko dira, handik Berara joateko.
Laburrak 113 kilometro
Ibilbide laburrekoek aldiz, lehen aldiz Belatetik jautsi orduko sartuko dira Ultzama aldera eta Orokietako gainaren barna, Saldias eta Beintza-Labaiendik Doneztebera jautsi eta Berara joko dute zuzenean.
Joan den urtean, ibilbide luzea azkarren egin zuenak, Mikel Azparren donostiarrak, 5 ordu eta 10 minutu behar izan zituen ibilbidea osatzeko; ibilbide laburra egiten, berriz, Oscar Negrete kantabriarra izan zen bizkorrena, 3 ordu eta minutu bateko denborarekin.
Dena den, lasterketa baino gehiago, bizikletan eta lagunartean igandea ongi pasatzeko aukera da La Miguel Indurain, horretan ematen den denboran sobera erreparatu gabe.