«Jendeak erotzat jotzen gaitu eta ‘ero’ batzuei dirua ematea apustu haundia da»

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 23a

TTIPI TTAPA

• Emakumezkoetan hagitz ohikoa ez den ogibidea hautatu du Aintzane Goñi lesakar gazteak: kopilotu lana. 1997az geroztik horretan ari da, eta ofizio neketsua eta zenbaitetan arriskutsua dela onartu arren, horretan segitzeko gogoz dago.
• Espainiako Txapelketan hirugarren doaz sailkapen nagusian, eta oraindik bertze zortzi lasterketa gelditzen badira ere, podiumera igotzeko borrokatzeko prest daude.
• Gustuko ofizioa du, baina garestia: aurten 96.000 eurotik goitiko aurrekontua izanen dute. Autoa errentan hartutakoa dute, gainera, eta lasterketako 6.000 euro ordaindu behar dituzte.

Ikusi, gustatu eta egin. Halaxe sartu zen Aintzane Goñi lesakarra rally munduan. «1996an Eguzki Sportek Lesakan lehendabiziko rally sprinta antolatu zuen. Bihurgune batetik ikusi nuen rallya, eta aunitz gustatu zitzaidan. ‘Hurrengo urtean hor barrenean egon nahi dut’, pentsatu nuen». Pentsatu eta egin. 1997an rally batean atera zen kopilotu lanetan. Geroztik hortan dabil, pilotu izateko ametsik gabe, eta etxekoek eta lagunek «erotzat» hartu izan badute ere, garbi du horretan segitu nahi duela. Gizonen mundua delakoan dago, baina ez omen du inoiz arazorik izan. «Ongi tratatzen naute», dio Goñik. Espainiar estatuan, adibidez, bi emakumezko kopilotu baino ez daude: «ni eta Kataluniako bat, eta hark bi urte daramatza rallyan atera gabe». Deus ere ez jakitetik kopilotu profesional izatera pasatu da poliki-poliki Aintzane. Auto bat erosi eta egokitu ondotik, «lehendabiziko rallyan Berako lagun baten oharren kopiarekin atera nintzen». Maila haundiagora pasatzeko bertze hiru urte joan zitzaizkion, eta 2001ean Euskal Nafar Rallya irabazi zuen Fonchi gidariaren ondoan. «Egi bihurtutako amets bat izan zen», azaldu digu. Hala, afiziotik ofizio izatera pasatu zen bere kopilotu lana: «2004an hasi nintzen kobratzen».

Asfalto zein lur gainean ibiltzen da rallyan Goñi. Hagitz desberdinak diren bi modalitate dira, eta bat aukeratzekotan asfalto gainekoaren alde egin du: «hobeki moldatzen gara. Asfaltoarekin zuzen joan behar da, eta lur gainean inertziarekin jokatu behar da. Gidariak kontrakoa egin behar du, eta niri ez zait hori buruan sartzen».

96.000 euroko aurrekontua

Ez da ez batere merkea rallyen mundua. Aintzanek eta bere pilotuak, erraterako, aurten 96.000 eurotik goitiko aurrekontua izanen dute. Autoa errentan hartutakoa dute, Mitsubishi evo 9 autoa, eta rally bakoitzeko 6.000 euro ordaintzen dituzte. Horren barne sartzen dira gurpilak –lur gainean sei eta asfaltoan zortzi–, gasolina eta izen emateko gastuak. Babesleak bilatzea ere ez omen da batere erraza: «jendeak erotzat jotzen gaitu, eta ‘ero’ batzuei dirua ematea apustu haundia da». Alde horretatik, aunitz dago egiteko, eta Formula 1ek adinako oihartzuna edukitzea zail ikusten badu ere, garbi du hedabideek rallyei erreparatzeak mesede haundia eginen lukela. Auto andana probatu ditu Aintzanek bere lanean: Citroën AX, Fiat Punto, Saxo, C2, Super 1.600 Fiat Punto, Mitsubishi evo 9... Baina bat aukeratzeko eskatuta berehala eman digu erantzuna: Peugeot 2007 Super 2.000.

Ofizio neketsua eta arriskutsua dela badaki, baina horri eusteko gogoz dago. Une honetan, Espainiako Txapelketan ari dira, lur gainean eta asfaltoan, eta zortzi lasterketen faltan, hirugarren dira sailkapen nagusian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun