Sanmigel bestetako programaren azal lehiaketa deitu du Igantziko Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 22a

Abuztuaren 22a baino lehen aurkeztu behar dira lanak

Aurtengo Igantziko Sanmigel bestetako eskuprogramaren azala aukeratzeko lehiaketa zabaldu du Udalak. Igantzin jaiotakoei edo bertan bizi direnei bideratua dago. Marrazkiz edo argazkiz egindako lanak aurkezten ahalko dira, 27x19 zentimetroko neurrian, eta azalean derrigorrez agertu beharreko testua Igantzi. Sanmigelak 2008 izanen da. Abuztuaren 22ko 12:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira lanak udal bulegoetan, sobre batean sartuak. Sobre honek lanaren izenburua eraman beharko du, eta egilearen datuak bertze sobre batean sartu beharko dira. Saridunak 250 euro jasoko du.

Berrizaungo ur hornidura lanak

Bertze aldetik, Berrizaungo ur hornidura, sareen berrikuntza eta depositu berria egiteko lanak laster hasiko dira. Udalak uztailaren 3an esleitu zituen obrak, eta 387.496 euroren truke Pagozelai eraikuntza enpresak eginen ditu lanak. Ur depositu berritik hornidura-tuboa eramanen da Berrizaungo deposituetako batera. Horrez gain, Berrizaunen ez dago ur banaketa sare bateraturik, ez uren tratamendurik ere, eta herriko depositutik ura ekartzean arazo horri irtenbidea eman nahi dio Udalak, eta depositu bakarrarekin bizilagunei zerbitzu bateratua eskaini nahi die.

Gimnasio berria martxan

Eskola ondoan egitekoa den gimnasio berriko obrak hasi dira. Duela hilabete inguru hasi ziren Gazmendi enpresakoak lanean, eta lau hilabeteko epea izanen dute bukatzeko. Udalak 288.000 eurotan esleitu ditu lanak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun