Berako bestetako herri bazkarian lan egiteko laguntzaile bila

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 22a

Uztailaren 27a baino lehen eman behar da izena

Berako Kultur Batzordetik jakinarazi dutenez, hirurogeita bortz lagun behar dira Berako San Esteban bestetako herri bazkarian lanean aritzeko, abuztuaren 6an, asteazkenean. Bestetan urtero egiten den herri bazkaria egin ahal izateko denon laguntza behar izaten dela oroitarazten du Kultur Batzordeak bere oharrean, lan haundia dagoelako. Beraz, aurten ere herri bazkaria nahi izanez gero parte hartzeko deialdia egiten du.

Uztailaren 27a baino lehen

Izena emateko epea uztailaren 27a, igandea arte irekia dago eta horretarako, izen-abizena eta telefonoa paratzea ezinbertzekoa da. Izen ematen duten pertsona horietatik bortz behar beharrezkoak dira abuztuaren 1ean lan egiteko, aitzinetik dena prestatuz eta bertze bortz abuztuaren 7an, erabilitako lanabesak garbitzeko.

012an edo Turismo Bulegoan

Apuntatzeko 012 telefonora deitu behar da. Larunbatean eta besta egunetan, Santiago egunean adibidez, Berako Turismo Bulegoan ere apuntatzen ahal da jendea, 948 631222 telefonora deituz goizeko 10etatik ordubietara.

Bertan behera gelditzeko arriskua

Behar bertze jende biltzen ez bada, bazkaria bertan behera geldituko dela ere oharatarazi du Berako Kultur Batzordeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun